Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Casanova: "Bizkaian inoizko emaitza onenak lortzea da gure erronka, ezkerreko herrialde bat delako"
"Etorkizun hurbil batean gauzak aldatu egingo dira. Ez du zentzurik agintean beti eskuina egoteak. EH Bilduren lidergoak erantzungo dio horri. Bide onetik goaz, eta aldaketaren norabide horretan jauzi garrantzitsua eman dezakegu maiatzeko bozetan", esan du.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagai Iker Casanova Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan izan da gaur, astelehenarekin, hauteskundeetara begira EH Bilduk dituen asmo eta erronkez jarduteko eta egungo agertoki politikoa aztertzeko.
Bizkaian, EAJri aurrea hartzea ezinezkoa ote den galdetuta, Casanovak esan du euren helburua dela ahalik eta emaitza onenak lortzea. "Inoiz egin ez dugun ahalegina egin beharko dugu horretarako. Etorkizun hurbil batean, gauzak aldatu egingo dira. Ez du zentzurik agintean beti eskuina egoteak, ezkerreko politikak nahi dituen herrialde bat baita Bizkaia. EH Bilduren lidergoak erantzungo dio horri. Bide onetik goaz, eta aldaketaren norabide horretan jauzi garrantzitsua eman dezakegu maiatzeko bozetan", azaldu du.
Zerga sistemaren erreforma ere hartu du berbagai. Eztabaida aspaldi hasi behar zela baina Gobernuak horri uko egin ziola iritzita, EH Bilduko legebiltzarkideak esan du hiru kontu landu beharko liratekeela: errenta altuenak dituztenei atxikipena handitzea, enpresek zerga gehiago ordaintzea eta fiskalitate berdea bultzatzea.
Bilboko Portutik gaur bertan Ukraina aldera ateratzekoak diren blindatuak hizpide hartuta, adierazi du EH Bildu ez datorrela erabakiarekin bat. Aitzitik, Espainiako aurrekontuak babestu zituzten, eta horietan gastu militarra handitzea onartu zen. Horren harira, argitu du ez zutela inolaz ere begi onez ikusi gastu militarra handitzeko erabakia, "baina gure ikuspuntutik Madrilen egon daitekeen gobernu onena dago, eta saiatu egin behar gara horri eusten, eskuin muturrari bidea eragozteko".