Politika -

Auzitegi Konstituzionala

Abortuaren gaineko eztabaida hasiko du Konstituzionalak, abstentzioak eta errekusazioak tarteko

Konstituzionala berritu zutenetik bertan egingo duten lehen saio garrantzitsua asteazkenean hasiko da, aurreikusi dutenez; izan ere, gaurkoan abstentzioei eta errekusazioei heldu nahi diete.

Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: EFE
Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: EFE
Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

13 urtez bazter egon ostean, Auzitegi Konstituzionalak astearte honetatik aurrera helduko dio Abortuaren Legearen aurka PPk aurkeztutako helegiteari, abstentzioak eta errekusazioak tarteko. Araua aldatzea ekar lezake eztabaidak, nahiz eta progresisten gehiengoa kontra azaldu den.

Konstituzionala berritu zutenetik bertan egingo duten lehen saio garrantzitsua da, eta aurreikusi dutenez, gutxienez, ez da asteazkenera arte hasiko. Izan ere, gaurko honetan abstentzioei eta errekusazioei bide eman nahi diete.

Horrela, modu batean edo bestean arau haren tramitazioan parte hartu zuten lau magistraturi eragiten diete abstentzioek eta errekusazioek: Candido Conde-Pumpido, Juan Carlos Campo, Inmaculada Montalban eta Concepcion Espejel.

Espejel eta Montalban Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide ziren legeari buruzko txostena idatzi zutenean; Conde-Pumpido, berriz, fiskal nagusi zen txostena bidali zutenean, eta Campo Justizia, Estatu idazkari.

Gaur arte, ordea, Espejelek soilik eman du bere abstentzioaren berri, eta badirudi Montalbanek eta Conde-Pumpidok ez dutela gauza bera egiteko asmorik, akordio eza ekar lezakeelako. Haatik, Espejelen erabakiak ondorioak izan ditzake, bereziki Montalbanentzat, egoera berean dagoelako.

Abstentzioez gain, PPko bost diputatu ohiren errekusazioak ere daude mahai gainean. Iturri juridikoen arabera, dena den, errekusazio horiek ez dute bidea "oztopatuko", hori gertatzeko beharrezkoa delako helegile guztiek errekusatzea.

Behin kontu horiek guztiak argituta, eztabaidari ekingo dio Enrique Arnaldo kontserbadoreak. Haren iritzian, gai bakarra da Konstituzioaren kontrakoa: emakumeek abortatu aurretik jasotzen duten informazioa arautzen duena. Horregatik, kontzientzia eragozpena, abortua praktikatuko duten osasun langileei ez ezik, abortatu nahi duten emakumeekin aurretik hitz egiten dutenei ere aplikatzea proposatu du.

Gehiengo progresistak (zazpitik lauk) 2010ean Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak bultzatutako Abortuaren Legeari erabateko babesa emateko asmoa du, gertuko iturrien arabera.

Hori gertatzen bada, bi agertoki posible daude: Arnaldok gehiengoaren nahia onartzea edo ponentziari uko egin eta araua beste magistratu batek idaztea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Politika Espainia Eguneko albisteak Albisteak Auzitegi Konstituzionala