Politika -

Eusko Legebiltzarra

Askabide klinikako langileek erakundeen laguntza eskatu dute abortuaren aurkakoen "setioa" dela eta

Klinikako langileek azaldu dutenez, batez ere Gasteizko zentroari eragiten dioten protesta horietara Espainiako Estatu osoko pertsonak joaten dira, eta antolatzaileek autobusak jartzen dizkiete joan-etorrietarako.

Askabide klinikako langileen ordezkari bat Eusko Legebiltzarrean. Irudia: EH Bildu
Askabide klinikako langileen ordezkari bat Eusko Legebiltzarrean. Irudia: EH Bildu
Askabide klinikako langileen ordezkari bat Eusko Legebiltzarrean. Irudia: EH Bildu

Agentziak | EITB media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Askabide klinikako langileek erakundeen laguntza eskatu dute Eusko Legebiltzarrean, haiek eta beren zentroetara haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea gauzatzeko joaten diren emakumeek '40 dias por la vida' mugimenduaren aldetik jasaten duten "setioaren" aurrean. Izan ere, elkarretaratze horietan mehatxuak eta "jazarpen" adierazpenak egiten dituzte klinikaren Euskadiko egoitzen aurrean, salatu dutenez.

"Bakarrik harrapatzen bazaituzte, ikusiko duzu" edo "merezi duzuena jasoko duzue" bezalako esamoldeak zuzentzen dizkiete

Askabideko langileen ordezkaritza batek agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean, EH Bilduk eskatuta, klinika horretako beharginek eta bertara haurdunaldia eteteko joaten diren emakumeek bizi duten egoera azaltzeko, abortuaren aurkako kolektibo horrek Gasteizen, Bilbon eta Donostian egindako mobilizazioen ondorioz.

Askabideko langileen ordezkariek azaldu dutenez, 2014tik aurrera protestak noizbehinka egiten baziren ere, 2022an mobilizazioak "areagotu" egin ziren.

Klinikako langileek azaldu dutenez, batez ere Gasteizko zentroari eragiten dioten protesta horietara Espainiako Estatu osoko pertsonak joaten dira, eta antolatzaileek autobusak jartzen dizkiete joan-etorrietarako.

Elkarretaratze horietan, azaldu dutenez, "jazarpen" adierazpenak eta kliniketara joaten diren langileei eta emakumeei egiten zaizkien mehatxuak otoitz isilekin tartekatzen dira.

Adibide gisa, "hiltzaile" deitzen dietela azaldu dute, eta "bakarrik harrapatzen bazaituzte, ikusiko duzu", "hiltzen dutenak, hilko dira" edo "merezi duzuena jasoko duzue" bezalako esamoldeak zuzentzen dizkietela.

"Bakarrik" sentitzen dira "Davidek Goliathen aurka duen liskar moduko batean"

Hori dela eta, jakinarazi dute klinikak Ertzaintzan aurkeztu dituen salaketen ondorioz identifikatu dituzten pertsonen "ehuneko ehunek" urruntze-agindua dutela dagoeneko, eta, beraz, ezin direla hurbildu osasun-zentrotik 100 metro baino gutxiagora.

Hala ere, '40 dias por la vida' mugimenduak Espainia osoko pertsonak Gasteizera joateko deia egiten jarraitzen duela deitoratu dute.

Ildo horretan, azaldu dute "bakarrik" sentitzen direla "Davidek Goliathen aurka duen liskar moduko batean", ezin dutelako egunero ertzain-etxera joan protesta horietan parte hartzen duen pertsona berri bakoitzeko salaketa bat jartzera.

Gainera, Aste Santua gertu dagoenez, mobilizazioen antolatzaileak protesta gehiago prestatzen ari direla ohartarazi dute. "Ez diete emakumeei lagundu nahi; testuinguru politiko oso eskuindar baten barruan, emakumeei legeak babestutako oinarrizko eskubide bat kendu nahi diete", salatu dute, protesten bultzatzaileei erreferentzia eginez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Politika Bilbo Donostia Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Matxismoa Feminismoa