Politika -
Auzitegi Nazionalean
Fiskaltzak D3Mren eta Askatasunaren absoluzioa errekurrituko du
Fiskaltzaren arabera, ez dira ebatzi akusazioak eta defentsak aurkeztutako puntu guztiak, eta frogak aztertzerakoan hutsegiteak izan dira.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak D3Mko eta Askatasuneko hamaika kideen absoluzioa errekurrituko du, ETAko kide izatea edo ETArekin elkarlanean aritzea leporatuta. Epaitegiak, aldiz, kargu horietatik absolbitu egin zituen, ETAri babesik eman ez ziotela argudiatuta.
Hori da, hain zuzen, Vicente Gonzalez fiskalak iragarri duena, Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko lehen salan aurkeztutako idatzian. Auzitegi Nagusiak astelehenean emandako epaiaren arabera, D3Mko eta Askatasuneko hautagaitzek, nahiz eta "ezker abertzalearen ideologiari lotuta egon", ez zizkieten ETAren aginduei jarraitzen.
Auzitegi Gorenean aurkeztuko duen kasazio-errekurtsoan, epaiak babes judizial eragingarria izateko eskubidea urratu duela argudiatuko du Fiskaltzak, eta frogatutzat emandako ekintzak banda armatu bateko kide izateko edo horri laguntzeko tipo penaletan sar daitezkeela erantsi du.
Horrez gain, Fiskaltzaren ustez, ez dira ebatzi akusazioak eta defentsak aurkeztutako puntu guztiak, eta frogak aztertzerakoan hutsegiteak izan dira.
Auzipetuek akusazioak ukatu zituztenAsteleheneko epaiak ETAren kide izateaz absolbitu zituen Amparo Lasheras D3Mko bozeramailea eta Agurtzane Solabarrieta, Arantza Urkaregi, Elisabeth Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta eta Zuriñe Zorrozua. Bestalde, Jose Antonio Munduare eta Xabier Isasa haren idazkaria ETArekin elkarlanean aritzeaz absolbitu zituen.
Maiatzean egindako epaiketan, hamaika akusatuek ETAren esanetara aritu izana ukatu zuten eta beraien plataformek Batasunaren estrategiari jarraitzeko inolako asmorik ez zutela ziurtatu zuten.