Politika -

HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

Euskararen zonifikazioaren kontra protesta egin dute Mañerun

Udalak eremu ez-euskaldunetik eremu mistora igarotzeko eskatu eta Foru Parlamentuak eskaera atzera bota ondoren, haserre daude mañeruarrak. Izan ere, besteak beste, eskola itxi eta seme-alabak beste herri batzuetara bidali behar izan dituztela salatu dute, euskaraz ikasi ahal dezaten.

Concentración este mediodía en Mañeru. Captura de imagen de un vídeo de EITB Media.
Concentración este mediodía en Mañeru. Captura de imagen de un vídeo de EITB Media.
Mañeruarrek eremu mistoan sartzea aldarrikatu dute euskaraz normaltasunez bizi ahal izatea

00:49

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mañeruko Udalak eta Hordago! herri ekimenak elkarretaratzea egin dute larunbat honetan, Nafarroako Parlamentuak herria eremu mistoan sartzeari ezezkoa eman izana salatzeko.  

Parlamentuak Mañeruarren eskaerari uko egin izanak agerian utzi du "beste behin ere euskararen zonifikazioak ez duela ez hankarik ez bururik, ez dela inolako irizpide soziolinguistikoren araberakoa, eta ez dituela betetzen Euskararen Legeak berak ezartzen dituen funtsezko helburuak, botere publikoek Nafarroan euskararen berreskurapena eta garapena babestea, alegia", salatu dute elkarretaratzean.

Mañerurekin muga egiten duten udalerri gehienak eremu mistoan daudela gogorarazi dute eta ez dagoela inolako argudiorik Mañeruk urrats hori ezin emateko.

"Gaur Mañerun elkartu garen pertsonak euskaldunak gara, edo gure seme-alabak D eredura edo A eredura eramaten ditugu, edo helduaroan euskara ikasten ari gara, edo ikasteko asmoa dugu, edo, besterik gabe, aurreko ezer ez bada ere, euskara Nafarroaren parte da, eta, horregatik, ozen eta argi aldarrikatzen dugu euskara Nafarroa osoko hizkuntza dela, Cortesetik Berara; Vianatik Gardera; Altsasutik, Iruñetik eta Tuteratik igarota; Mendialdetik, Erdialdetik, Erribera osora. Eta, beraz, Mañeru Nafarroa bada, euskara Mañeruko hizkuntza ere bada" adierazi dute ohar batean.

1986an onartutako Euskararen Legeak Nafarroa hiru eremutan banatu zuen, eta horren arabera, "hizkuntza-eskubideak batzuk edo besteak izango zirela erabaki zen, edo, besterik gabe, ez zirela izango, bizi zaren Nafarroako eskualdearen arabera" salatu dute, "Lege hark eremu ez-euskalduna izeneko eremu bat sortu zuen, eta izenetik bertatik argi uzten zituen bere asmo baztertzaileak".

Gauzak honela, Mañeruko herritarren nahia errespetatzeko eskatu dute berriz ere eta zonifikazioaren eredua gainditzeko baldintzak eraikitzeko urratsak ematera deitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika Iruñea Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak