Politika -
RADIO EUSKADI
PSE-EErekin eta Elkarrekin Podemosekin akordioak ixtea ez du baztertu Iriartek, betiere "edukia" lehenetsita
EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaile eta Gipuzkoako Aldundirako hautagaiak azaldu du bere koalizioak izenpetuko duen akordio orok norabide bakarra izango duela: "ezkerreko politiken bidez, herri honen burujabetzan aurrera egitea".
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Ate-joka diren udal eta foru hauteskundeen ondoren PSE-EErekin eta Elkarrekin Podemosekin akordioak ixtea ez du baztertu Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen eledun eta Gipuzkoako Aldundirako zerrendaburuak. Horren hitzetan, beste hainbat erakundetan ere erdietsi dituzte itunak azken urteotan, bai sozialistekin eta baita talde moreko ordezkariekin ere, beti, hori bai, "edukia" lehenetsita. Hala, akordioen mamian eta horien norabidean jarri du azpimarra: "ezkerreko politiken bidez, herri honen burujabetzan sakontzea" bilatuko dutela agindu du. "Ez dugu akordiorik itxiko, aulkiak lortze hutsagatik", esan du.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Osakidetzaren egungo egoeraz ere aritu da Iriarte. Ez du argitu EH Bilduk bat egingo duen sindikatuek otsailaren 25erako deitu duten manifestazioarekin, baina protesta hori koalizioaren aldarrikapenetatik "oso gertu" dagoela esan du. Zentzu horretan, Osakidetzak "goitik beherako egiturazko aldaketa bat" behar duela adierazi du, eta, besteak beste, "gobernatzeko modua" aldatzeko eskatu du. "Osasun langileek eurek esaten dute: gobernantza kooperatiboa behar da, ez bertikala", zehaztu du.
Bestalde, gaur abiatu den 2023-2024 ikasturterako matrikulazioari buruz galdetuta, EH Bilduko ordezkariak uste du ezarriko diren "irizpideak bide onetik" doazela, segregazioari aurre egiteko. Horren harian, Eusko Legebiltzarreko gehiengo zabalak adostutako hezkuntza legea ekarri du gogora, eta horren helburuetako bat ikasle zaurgarrienak babestea dela azpimarratu du. "EH Bilduk akordio horren edukiak zaintzen jarraituko du", gaineratu du.
Azkenik, "bai bakarrik da bai" legeari buruz berretsi du "lege garrantzitsua eta ona" dela. "Trapu zikinak atzean utzita", akordio batera iristeko eskatu die PSOEri eta Unidas Podemosi, inbestidurako alderdiek bata edo bestea erabaki beharrik izan ez dezaten.