Politika -
Sortu legeztatu ostean
Aguirrek Konstituzionala ezabatzea proposatu du
Madrileko presidenteak esan du Konstituzionalak "beharbada Gorenaren sala bat izatera" pasatu behar duela, atzo Sortu legeztatu ostean.
Erredakzioa
Esperanza Aguirre Madrileko presidenteak ostegun hau egun demokraziarentzat egun tristea dela esan du, atzo Konstituzionalak Sortu legeztatu ostean. "Beharbada" Konstituzionalak "Gorenaren sala bilakatu beharko lukeela pentsatzen hasi behar dugu", esan du.
Atzo konstituzionalak hartutako erabakiaren ostean, Aguirrek esan du konstituzionalaren izaera berriro planteatu beharra dagoela.
"Euren buruei magistratu deitzen dieten politikoz betetako Auzitegi Konstituzional batek zergatik egon behar duen planteatzeko garaia iritsi da, eta murrizketak egin behar badira, beharbada Konstituzionala Gorenaren sala bat izateko aukeran pentsatu beharra daukagu", nabarmendu du.
Madrileko presidenteak azaldu duenez, "oso egun tristea da Espainiako demokraziarentzat" Konstituzionalak Sortu legeztatzea erabaki zuelako, "ETAren hilketak kondenatu nahi izan ez dituen eta taldearen desegitea eskatu ez duen alderdi bat", gaineratu du.