Politika -

KATALUNIA

Gorenaren ebazpena deuseztatzea eska dezakete Junqueras, Romeva, Turull eta Sanchezek

Auzitegi Konstituzionalean babes-errekurtsoa aurkeztu ahal izateko ezinbesteko urratsa litzateke. Epaitegietako iturrien arabera, oso kasu gutxitan deuseztatu du Gorenak berak kaleratuko epai irmo bat.

Oriol Junqueras, ERCko buruzagia, atzo. Argazkia: EFE
Oriol Junqueras, ERCko buruzagia, atzo
Oriol Junqueras, ERCko buruzagia, atzo. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak atzo kaleratutako epaia deuseztatzeko intzidentzia aurkeztea aztertzen ari dira Oriol Junqueras ERCko buruzagi eta Kataluniako presidenteorde ohia, Raul Romeva eta Jordi Turull kontseilari ohiak eta Jordi Sanchez ANCko buru izandakoa. Auzitegi Konstituzionalean babes-errekurtsoa aurkeztu ahal izateko, ezinbestekoa da Gorenak aurrez epaia baliogabe uztea.

Sedizio-delitua Zigor Kodetik kendu ondoren, 2019an kaleratutako Kataluniako prozesu independentistaren epaia berrikusi du Gorenak, eta atzo eman zuen ezagutzera erabakia. Besteak beste, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik aipatutako lau buruzagi horiei ezarritako inhabilitazioa bere horretan mantentzea erabaki du. Hala, Junquerasek eta Bassak 2031ra arte ezingo dute kargu publiko batera aurkeztu, eta Turullek eta Romevak, 2030era arte.

Bestalde, Jordi Sanchez eta Jord Cuixart, ANC eta Omnium Cultural elkarteetako presidente ohiak, hurrenez hurren, desordena publikoengatik zigortu ditu, eta Josep Rull, Carme Forcadell eta Joaquim Forn, desobedientziagatik. Bost horien kasuan, inhabilitazioagatik ezarritako zigorrak bertan behera geratu dira, Zigor Kodearen erreformaren ondorioz.

Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak, Carme Forcadellek, eta Joaquin Forn kontseilari izandakoak ez dute Gorenaren epaia deuseztatzea eskatuko, horien kasuan inhabilitazioa bertan behera geratu delako. Josep Rull kontseilari ohia eta Jordi Cuixart, Omniun Cultural elkarteko presidente ohia, berriz, zein neurri hartuko dituzten aztertzen ari dira.

Deuseztatzeko intzidentzia epaia kaleratu duen auzitegian bertan aurkeztu behar da. Kasu honetan, beraz, Goreneko magistratuek —zigortzea erabaki duten berberek— aztertu beharko dute epaia baliogabetzeko eskaria. Epaitegietako iturrien arabera, oso kasu gutxitan deuseztatu du Gorenak berak kaleratuko epai irmo bat. 

Espainiako Konstituzioaren 3.2 artikuluaren arabera, "oinarrizko eskubideak urratzen" diren kasuetan aurkez daiteke epaia baliogabe uzteko eskaria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Auzitegi Konstituzionala Kataluniako prozesua zuzenean ERC