Politika -
Blogean
Hauteskunde programa ezkutatzea egotzi dio Patxi Lopezek EAJri
EAJren portaerak Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren eta Mariano Rajoy Gobernuko presidentearen jokabidearekin antzekotasuna duela esan du.
Erredakzioa
Hauteskunde programa "ezkutatzea" eta herritarrei Euskadiko erronkak zeintzuk diren ez esatea egotzi dio Patxi Lopez lehendakariak EAJri.
Bere blogean idatzi duen artikulu batean, horrela jokatzea ez dela "demokratikoa" dio, "gobernatzea lortzen baduzu, zer egin nahi duzun ezkutatzen duzulako":
EAJren hautagaiari zer egingo duen galdetzen zaionean "anbiguotasunez" erantzuten duela gaineratu du. Horregatik, krisitik ateratzeko proposamenetan, gai politikoetan edota 2015. urterako EAJk nahi duen estatutu politiko berriaren inguruan "botoa itsu-itsuan" eskatzen duela adierazi du.
Lehendakariarentzat "oso kezkagarria" da oposizioko alderdi nagusiak proposamenak ez zehaztea, eta ildo honetan, Juan Jose Ibarratxe lehendakariaren eta Mariano Rajoyren jokaerarekin antzekotasunak daudela nabarmendu du.
"Hauteskundeen aurretik, Rajoyk bere asmoak ezkutatu zituen, eta hortaz gain, hauteskunde kanpainan ukatu zuena egiten ari da orain", esan du.
"Herritarrei zer egin nahi duzun helaraztea demokraziaren oinarrizko baldintza da", dio Lopezek artikuluan. "Jaurlaritzaren lanarekin alde edo kontra egon daiteke, baina gure helburuak argiak eta ezagunak dira. Beste batzuek berdina egin dezatela!, idatzi du.