Politika -
AUDITORIO KASUA
Pedro Antonio Sanchez Murtziako presidente ohiari hiru urteko kartzela zigorra ezarri diote
Murtziako Lurralde Auzitegiak frogatutzat jo du "ahoz eta aurrez inolako kontratazio espedienterik zabaldu gabe" arkitekto bati enkargatu ziola Puerto Lumbreraseko auditorioaren proiektua udalerri horretako alkate zenean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pedro Antonio Sanchez Murtziako Gobernuko presidente ohiari hiru urteko kartzela zigorra ezarri dio Murtziako Lurralde Auzitegiak, Puerto Lumbreras udalerriko alkate zenean bultzatu zuen auditorioaren proiektuarekin lotuta.
Epaimahaiak frogatutzat jo du arkitekto bati enkargatu zizkiola auditorioko lanak, "ahoz eta aurretik inolako kontratazio espedienterik egin gabe", Puerto Lumbrerasko alkate zen garaian.
Era berean, Lurralde Auzitegiak egiaztatu du arkitektoak hauteman zuenean ez zela egingarria, alkateari eta udal funtzionarioari jakinarazi ziela eta elkarrekin proiektua aldatu zutela.
Hori guztia dela eta, prebarikazio delitu jarraitu bat eta prebarikazio delitu bat egotzita zigortu du, bi delituak frogatutzat emanda horien errudun jota.
Kartzela zigorraz gain, Murtziako presidente ohiak kargu edo lanpostu publikorako 17 urte eta 3 hilabeteko inhabilitazio berezia bete eta 3.600 euroko isuna ordaindu beharko du.
Bestalde, Udaleko idazkari zenak (Caridad G.) eta arkitektoak (Martin L.) 15 urte eta erdiko eta 16 urte eta erdiko inhabilitazioa bete beharko dute, hurrenez hurren.