Politika -
Euskadi Irratian
Mendia: '2013ko aurrekontuak zailak eta gogorrak izango dira'
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak diru-sarrerek behera egin dutela esan du, eta, hori dela eta, datorren urtea "gogorra eta zaila" izango dela nabarmendu du.
Erredakzioa
"2012. urteko aurrekontuak zailak eta gogorrak izan badira, 2013. urtea gogorragoa izango da", esan du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Euskadi Irratiko "Albiste Faktorian" eman duen elkarrizketan.
Hala ere, ez direla murrizketa gehiago egongo berretsi du. "Guk ez dugu ikusten murrizketa gehiago beharko denik Euskadin defizitarekin betetzeko. Etxeko lanak egin ditugu, eta badakigu zeintzuk diren gure helburu nagusiak: zerbitzu publikoak eta babes soziala. Hortaz, murrizketak ez dira egongo zerbitzu publikoetan eta babes sozialean", gaineratu du.
Aste honetan bertan esan du lehendakariak datorren urteko aurrekontuak lantzen ari dela Jaurlaritza. "2013. urtea gogorragoa izango da; diru-sarrerak beherantz doaz eta aurrekontuak oso zailak eta gogorrak izango dira".
Aurrekontuak urte amaiera aldean onartzen direla kontuan hartuta, hauteskundeak datorren urtean egingo direla ulertu behar den ala ez galdetuta, Mendiak lehendakariak erabakitzen duela adierazi du. "Momentu ekonomikoa ez da egokiena hauteskundeetan pentsatzeko", gaineratu du.
Gobernuarekin tirabirak
Espainiako Gobernuaren murrizketen aurka jarritako helegiteaz mintzatu da Mendia. Ildo honetan, "gure eskumenak urratzen direnean, helegiteak jarriko ditugu. Guretzat gure eskumenak urratu dira Gobernuak hartu dituen erabaki batzuekin, eta horregatik joan gara auzitegietara", azaldu du Jaurlaritzako bozeramaileak.
Bildu legez kanpo uztea
Bestalde, Barne ministroak Bildu legez kanpo uzteko aukeraz egindako adierazpenen harian, "Sorturen epaiak argi esaten ditu gauzak, baina epai hori ezin da nahastu beste alderdi baten ilegalizazioarekin", adierazi du Mendiak. "Zuhurtziarekin jokatu behar da. Ulertzen dut ministroak zer zuen buruan, baina alderdi politikoa funtsezko eskubidea da, eta ezin da egunero ilegalizazioekin fribolizatu".
Bestalde, PSE-PP akordioa hautsita, proiektuak aurrera ateratzeko "akordioak bilatzeko taldeekin hitz egingo" dutela esan du Mendiak. "Beti egin izan da horrela Legebiltzarrean; aurreko legegintzaldietan ere Jaurlaritza gutxiengoan egon da, eta arazorik gabe atera zituen proiektuak", adierazi du.