Politika -
2011ko txostena
Arartekoak presoak hurbiltzea defendatu du Legebiltzarrean
Iñigo Lamarcak 2011ko txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean.
Erredakzioa
Iñigo Lamarca Arartekoak espetxe politika aldatzea defendatu du Eusko Legebiltzarrean, eta, besteak beste, honako neurriak aipatu ditu: ETAko presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea, kartzelatik noizean behin ateratzeko baimenak ematea, baldintzapeko askatasunak onartzea, espetxe onurak pilatu ahal izatea eta gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea. Izan ere, erakunde terroristak indarkeria utzi izanak "birgizarteratzea" errazten duela iritzi dio.
Lamarcak 2011ko txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Iaz, Arartekoak 2.347 kexa jaso zituen, herritarrak administrazioen jokaerekin ados ez egoteagatik. 74 kasutan, gainera, herriaren defendatzaileak ofizioz esku hartu zuen.
Lamarcaren esanetan, 2011n krisiaren ondorioak "latzak" izan ziren herritarrentzat, batik bat "sektore ahulenetan". "Eskubide sozialekin lotutako kexak hazi izanak erakutsi egiten du euskal gizartearen zati bat sufritzen ari dela", adierazi du.
Bestalde, Lamarcak nabarmendu du iaz ez zela indarkeria ekintzarik izan ETAren partetik. "Ez da hildakorik, zauritutakorik eta mehatxatutakorik izan, albiste ona da giza eskubideentzat", esan du. Nolanahi ere, ETAri "baldintzarik gabe desegitea" exijitu behar zaiola iritzi dio
Halaber, terrorismoaren biktimen eskubideak bete egin behar direla nabarmendu du.