Politika -

Gipuzkoako Batzar Nagusiak

Garitano: 'Bildu deabrua izango da, baina ez da krisiaren erantzulea'

Horrela erantzun du Gipuzkoako ahaldun nagusiak EAJk, PSEk eta PPk egindako kritikei. Urtebeteren buruan krisiaren kontrako neurririk hartu ez izan leporatzen dio oposizioak.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, bere gobernu-kideekin.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, bere gobernu-kideekin.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, bere gobernu-kideekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak oposizioaren kritika gogorrak jasan ditu Batzar Nagusietan, krisiari aurre egiteko ekonomia-programarik ez duelakoan. “Bildu deabrua izango da, baina ez da krisiaren erantzulea”, azpimarratu du Garitanok EAJren, PSEren eta PPren aurrean.

Alderdi Sozialistak eskatu zuen ahaldun nagusiaren agerraldia, joan den maiatzaren 24an, Adegiren asanblada nagusira joan aurretik, krisia gainditzeko Gipuzkoako azpiegitura handiak (AHT eta Pasaiako kanpoko portua) gelditu behar zirela esan zuela eta, azalpenak emateko. Garitanok zehaztu du egun hartan ez zuela Bilduren programa ekonomikoa aurkeztu. “Abiadura Handiko Trena eraikitzeak eragiten duen gastua murriztea eta diru hori enplegua sortzeko erabiltzea planteatu nuen”, argitu du. Gauzak horrela, proposamen hori Bilduren programa ekonomikoarekin ez nahasteko eskatu dio Rafaela Romerori (PSE), “horrek ez baitu ez hankarik ezta bururik ere”. Ildo horretan, Bilduren programa Batzar Nagusietan aurkeztu zutela eta osoko bilkura batean eztabaidatuta dagoela gogoratu du.

Amaitzeko, “herri honek bizi duen krisi ekonomikoa” Bilduk ez duela eragin nabarmendu du; “krisia PSOEk agintzen zuen garaian sortu zen eta orain hori kudeatzea PPri egokitu zaio; beraz, Bildu deabrua izango da, baina ez da krisiaren erantzulea”, erantsi du. Aralarreko Rebeka Uberak soilik babestu ditu Gipuzkoako Diputazioak azken urtean abian jarritako politikak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea