Politika -

PRESOAK

ETAko azken bost presoak Euskal Herriratzeko baimenarekin amaiera eman diote sakabanaketari

Azken lekualdaketa horrekin, Pedro Sanchezen Gobernuak amaiera eman dio euskal presoen urruntze-politikari. Sare eta Etxerat pozik agertu dira sakabanaketa politikaren amaieragatik, eta "presoak, errefuxiatuak eta deportatuak etxean egon arte" lanean jarraitzeko deia egin dute.

Arabako espetxea, artxiboko irudi batean.
Arabako espetxea, artxiboko irudi batean.
34 urteren ostean, amaitu da ETAko presoen sakabanaketa

2:48

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barne Ministerioaren menpe dagoen Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak ETAko azken bost presoak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) espetxeetara hurbiltzeko agindua eman du ostiral honetan, EITB Mediak jakin ahal izan duenez.

Asier Borrero, Gregorio Escudero, Garikoitz Etxeberria, Irantzu Gallastegi eta Faustino Marcos dira presoak. Azken lekualdaketa horrekin, Pedro Sanchezen Gobernuak amaiera eman dio euskal presoen urruntze-politikari.

Eusko Jaurlaritzako azken datuen arabera, ETAko 144 preso daude Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan: 78 Araban, 39 Gipuzkoan eta 27 Bizkaian. Horiei gehitu behar zaizkie iristear dauden beste zazpi (aurretik iragarritako lekualdaketak) eta gaur iragarritako bostak. Guztira, 156 izango lirateke denak heltzen direnean.

Asier Borrero 2019ko otsailaren 25ean sartu zuten kartzelan. 6 urteko zigorra betetzen ari da lehergailuak eduki, fabrikatu eta jartzeagatik, eta El Dueso espetxetik (Kantabria) eramango dute. Zigorraren hiru laurdenak 2023ko abuztuan beteko ditu.

Gregorio Escudero 2002ko martxoaren 31n espetxeratu zuten, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da hilketa, homizidio terrorista eta triskantza delituengatik. Dueñaseko (Palentzia) espetxetik Euskal Autonomia Erkidegoak aukeratzen duen espetxera lekualdatuko dute. 2024ko irailean zigorraren hiru laurdenak beteko ditu.

Garikoitz Etxeberria Dueñaseko (Palentzia) espetxean dago. 2007ko martxoaren 17an espetxeratu zuten, eta 20 urteko kondena metatua betetzen ari da elkarte terroristako kide izateagatik, lehergaiak garraiatu eta gordetzeagatik, armak legez kanpo edukitzeagatik eta faltsutzeagatik. Zigorraren hiru laurdenak 2022ko urtarrilean bete zituen.

Irantzu Gallastegi Madrid VII espetxetik (Estremera) EAEn dagokion espetxera eramango dute. 2005eko ekainaren 14an espetxeratu zuten eta 30 urteko zigorra betetzen ari da hilketak, bahiketa terrorista, lehergailuak edukitzea eta hondamena egotzita. Zigorraren hiru laurdenak 2024ko azaroan beteko ditu.

Faustino Marcos, berriz, Darocako (Zaragoza) espetxetik eramango dute. 2010eko otsailaren 20an espetxeratu zuten eta 12 urte eta 14 hilabeteko zigorra betetzen ari da talde armatuko kide izatea, armak edukitzea eta faltsutzea egotzita. 2019ko abenduan zigorraren hiru laurdenak bete zituen.

Halarik ere, oraindik gelditzen da beste emakumezko preso bat Madrilgo espetxe batean, berak hala erabakita.

Sare herritarra eta Etxerat presoen senideen elkartea pozik agertu dira sakabanaketa politikaren amaieragatik, eta "presoak, errefuxiatuak eta deportatuak etxean egon arte" lanean jarraitzeko deia egin dute.

Sare herritarra pozik agertu da sare sozialetan zabaldutako mezu batean, "azkenean, hainbeste itxaroten ari ginen albistea iritsi delako". "34 urte baino gehiago iraun duen urruntze politika amaitu da. Orain bai. Orain lanean jarraitu behar dugu, presoak, errefuxiatuak eta deportatuak etxean egon arte", gaineratu du.

Bestalde, Etxeratek nabarmendu duenez, "sufrimendu handiaren ostean, amaitu egiten da aro krudel eta amaigabe hau". "Gure oroimenean sakabanaketaren ondorioz hildako 16 biktimak. Lana dugu preso eta iheslarien etxeratze eta elkarbizitzarako bidea amaitzeko", adierazi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak