Politika -
Eskutitza
'Estatu indarkeria beste batzuk baino okerragoa da'
Polizia-gehiegikerien biktima baten arrebak gutuna idatzi dio Justizia sailburuari estatu indarkeria egiten dutenen "inpunitatea" salatzeko.
Erredakzioa
1974ko abenduaren 18an, Donostiako Errekalde auzoan, Guardia Zibilaren kontrol baten hil zen 21 urteko Mikel Salegiren arrebaren aburuz, euskal gizartearen zati handi batek estatu indarkeria pairatu du eta oraindik ere pairatzen du. Indarkeria hori egiten dutenen inpunitatea dela eta, estatu indarkeria beste batzuk baino okerragoa da".
Idoia Mendia Justizia sailburuari idatzi dion eta hedabideek jaso duten eskutitz batean, Eusko Jaurlaritzak Poliziaren indarkeria jasan duten biktimei Bilbon egindako omenaldiari buruz gogoeta egin du Miren Salegik.
Horren aburuz, Poliziaren indarkeriaren biktimak aintzatetsi ordez, "umiliatzen, bigarren mailakoak direla esaten ari dira"; izan ere, "lotura politikorik ez dutela esanda, zeharkako biktimak direla eta pentsamendurik eta bizitzarik ez dutela esaten dute".
Salegik "estatu indarkeriaren erabilera sistematikoa" salatu du, eta nebarena "ez zen Poliziaren edo Guardia Zibilaren ekintza bakana izan", gaineratu du. Halaber, "indarkeria ez zen ekintza horiekin amaitzen; hiletetan, mehatxuetan, salatzeko aukerarik ez emanda jarraitzen zuen".
Azkenik, Mikel Salegi ez zela "kontrol bateko nahasmenduagatik" hil azaldu dio biktimaren arrebak Mendiari; hil zutenak "ez ziren nahasi, hil egin nahi zuten eta hala egin zuten, Euskal Herrian beste hainbatetan gertatu den bezala", esan dio.