Politika -
EITB Focus
Boto-asmoari buruzko inkesta publiko handiena argitaratuko du EITBk martxoaren 26an, 27an eta 28an
8.000 bat inkesta egin dira (6.649 EAEn eta 1.204 Nafarroan) maiatzaren 28ko udal, aldundi eta Nafarroako Legebiltzarreko hauteskundeen inguruan. Gizarte kezkak, kudeaketaren eta hautagaien balorazioa, eta botoaren estimazioa eta hauteskundeetako emaitzak ezagutuko ditugu.
EITB MEDIA
Euskal Irrati Telebistak Euskadin egindako boto-asmoari buruzko inkesta publiko zabalena emango du argitara martxoaren 26, 27 eta 28an bere taldeko hedabideetan (ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta eitb.eus-en), datorren maiatzaren 28ko udal, aldundi eta Nafarroako Legebiltzarreko hauteskundeen inguruan.
EITB Focusen edizio berezi honetan, martxoaren 26an (igandea), galdeketaren emaitzen aurrerapena eskainiko da EITBko hedabideetako albistegietan; astelehenean (hilak 27), EAEko foru aldundietako eta Nafarroako Parlamentuko datuak emango dira ezagutzera, eta, asteartean (hilak 28), berriz, lau hiriburuetako udaletako eta EAEko herri handienetako udalen emaitzen ehuneko eta estimazioak.
Orotara, 8.000 bat telefono inkesta egin dira: 6.649 egin ditu Gizaker enpresak EAEn eta 1.204 GAD3 enpresak Nafarroan.
Inkesta zabala izateari esker, lehen aldiz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetarako izendatzen diren 11 barruti bakoitzeko batzarkide-kopurua eskainiko da. Azterketa horretan erabiltzen den laginari esker, fidagarritasunez iristen gara xehetasun-maila horretara. Aurreko azterketetan, hiru lurraldeetako bakoitzaren guztizkoaren gaineko boto-portzentajeak baino ezin zituzten eskaini, eta, horregatik, Batzar Nagusietarako eserlekuetara estrapolatzea ez zen egiten, bermerik ez zutelako.
Udal hauteskundeei buruzko iragarpenei dagokienez, zinegotzi kopuruaren araberako emaitzak EAEko 11 barrutietako udalerri handienetan eskainiko dira: Gasteiz, Donostia, Bilbo, Laudio, Agurain, Irun, Tolosa, Eibar, Barakaldo, Getxo eta Basauri. Nafarroan, udal hauteskundeen azterketa Iruñeko hiriburua du ardatz.
Bestalde, EITB Focusen argitaratuko dira foru hauteskundeetara, 4 hiriburuetako hauteskundeetara eta Nafarroako Parlamentura aurkezten diren hautagai nagusien inguruan herritarrek duten ezagutza eta balorazio mailari buruzko datuak. Udal- eta foru-kudeaketaren esparruan gizartea gehien kezkatzen duten gaiei buruz ere galdetu da.
EITBko hedabideetan emaitza guztiak ezagutzera eman ondoren, txosten guztiak EITB Taldearen Gardentasun atarian argitaratuko dira, Open Datako ohiko formatuetan deskarga daitezkeen fitxategiekin batera (.xlsx eta .csv).