Politika -
EITB Focus
Zeintzuk dira herritarren kezka nagusiak?
Udal eta foru hauteskundeetarako bi hilabete falta diren honetan, EITB Focus makroinkestak euskal gizartearen erradiografia zehatzena egin du, inoiz egindako inkesta handienarekin.
EITB MEDIA
EITB Focus makroinkesta bueltan da, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetarako bi hilabete falta direnean. Oraingoan, inoizko inkesta handiena egin da, EAEn eta Nafarroan 8.000 pertsona elkarrizketatu baitituzte.
Hori horrela, hurrengo egunetan EITB taldeko hedabideek euskal gizartearen erradiografia zehatzena eskainiko dute, eta udaletarako, Batzar Nagusietarako eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen inguruko datu guztiak eta boto aurreikuspenak eskainiko dituzte.
Aurrerapen gisa, herritarren interes nagusiak zeintzuk diren ezagutu nahi izan dugu gaur.
EAE
Horren ildotik, eta udalek kudeatutako materiei dagokienez, EAEn elkarrizketatutako herritarren % 36,1ek ekonomia eta enplegua aipatu dituzte kezka nagusi gisa. Bigarren lekuan segurtasuna dago (parte-hartzaileen % 28,6k aukeratu dute), eta, ondoren, udal zerbitzuak (% 17,6), kultura eta kirola (% 5,6), garraioa (% 3,2) eta trafikoa (% 1,9).
Aipatzekoa da ekonomia eta enplegua kezka nagusia dela Gasteizen (% 44,1) eta Donostian (% 36,4), baina ez, ordea, Bilbon (% 29,7). Bizkaiko hiriburuan segurtasuna da arazo handiena, herritarren % 42entzat.
Aldundiek kudeatzen dituzten materiei erreparatuta, ekonomia eta enplegua dute berriz kezka boto-emaileek (% 51,2). Ondoren, politika sozialak daude (% 24,3), eta, urrunago, zergak (% 8,5), garraioa (% 5,3) eta errepideak (% 4,7).
Nafarroa
Foru Erkidegoan Parlamenturako hauteskundeak dira egitekoak, eta, beraz, Gobernuaren eskuduntzak eta herritarrei proposatutako erantzunak zeharo ezberdinak dira. Hori dela eta, gehien errepikatu den kezka osasungintza da (% 27,1). Horren ostean, langabezia (% 16,9), krispazio politikoa (% 7,3), egoera ekonomikoa (% 6,3) eta inflazioa (% 5,5) aipatu dituzte.
Metodologia
EAEn, 6.649 pertsona elkarrizketatu dituzte udal eta foru hauteskundeei buruzko EITB Focus berezia prestatzeko. Horietatik, 1.543 Araban izan dira; 2.483, Bizkaian; eta 2.623, Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, 1.204.
Inkestak otsailaren 27tik martxoaren 17ra egin zituzten EAEn, eta otsailaren 22tik 27ra Nafarroan.
Konfiantza mailari eta beste hainbat adierazle estatistikori buruzko informazio sakonagoa ezagutzeko, kontsultatu ikerketaren PDFa.