Politika -
Legeztatu ostean
Azaroan egingo du Sortuk kongresu eratzailea, boz-aurrerapenik ez bada
"Sortzaile" izateko eta kongresuan parte hartzeko aukera emango zaie jarraitzaileei, baina afiliazioak kongresuaren ostean egingo dira.
Erredakzioa
Sortuk, ezker abertzalearen alderdiak, kongresu eratzailea egingo du azaroan, ordurako lehendakariak hauteskundeak aurreratu ez baditu behintzat.
Sorturen sustatzaileek prentsaurrekoa eman dute Bilbon etorkizuneko pausoak azaltzeko; izan ere, oraingoz estatutuak bakarrik ditu.
Maider Etxebarriak azaldu duenez, "datozen asteetan" fitxa batzuk banatuko dituzte Sorturen jarraitzaileak "sortzaile" izateko eta kongresu eratzailean parte hartzeko aukera emateko. Dena dela, alderdi berriaren afiliatu izateko, kongresua pasa arte itxaron beharko da, azarora arte gutxienez.
Patxi Lopez lehendakariak hauteskundeak aurreratuz gero, kongresua atzeratu eta hauteskundeen osterako utziko da.
Sorturen sustatzaileen bozeramaileak azaldu duenez, alderdiak "indar metaketa" aldarrikatzen du; hori dela eta, "logiko" jo du alderdia Bildu eta Amaiur koalizioetan sartzea, hor baitago ezker abertzalea EArekin, Aralarrekin eta Alternatibarekin.