Politika -
Ohar baten bitartez
EPPK-ak Gobernuari: 'Ez dugu eserita zain gelditzeko asmorik'
"Blokeoa" gainditzeko bitartekariei laguntza eskatu dietela iragarri dute. Astelehen honetan, Bilbon, "EPPK-ri bitartekari lan horietan laguntzeko prest azaldu diren" lagunen zerrenda iragarriko dute.
Erredakzioa
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) bitartekariei laguntza eskatzeko erabakia hartu duela iragarri du Gara egunkarira bidali duen komunikatu baten bitartez. Era honetan, Espainiako eta Frantziako Gobernuen "estrategia maltzurraren eta blokeoaren" aurka laguntza eskatzen dute.
Agente horiekin harremanetan jartzeko, "espetxe politikan ezagutza zuzena" duten lagunei "eskaera zehatza" egin dietela adierazi dute.
"Espainiako Barne Ministerioak esaten duenaren aurka, ez dugu zain eserita egoteko inongo asmorik" adierazi dute.
Kolektiboak izendatutako bozeramaileen arabera, egoera "blokeatuta" dago eta "eskubideak urratzen" ari dira.
Pauso berriak emateko eta egoerari irtenbide bat emateko "ekimen" berriak egiteko prest daudela berretsi dute.
Ildo honetan, astelehen honetan, Bilbon, "EPPK-ri bitartekari lanetan laguntzeko prest azaldu diren" lagunen zerrenda iragarriko dute.