Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
PSE-EEk aurrez modu pribatuan eman zion Galdakaoko alkateari memoriaren webgunearen aurkako iritzia
PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen taldearen idazkari nagusia prest agertu da Gogorarekin hitz egiteko, baldin eta biktimak eta biktimarioak bereizten badira. Aranzadi zientzia elkarteak Gogorak ezarritako irizpideak jarraitu dituela azpimarratu du, baina Eusko Jaurlaritzatik ezetz diote.
O. A. | EITB Media
Oroimenaren inguruko webguneen polemikak zeresana ematen jarraitzen du oraindik. Ekain Rico PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen taldearen idazkari nagusiak adierazi duenez, salaketa publiko egin aurretik sozialistek modu pribatuan eman zioten Galdakaoko alkateari memoriaren webgunearen aurkako iritzia. "Erantzunik ez zegoela ikusita, publiko egin genuen", gaineratu du.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketan, "webgune berean eta inolako testuingururik gabe" biktimak eta biktimarioak parekatzearen kontra agertu da. Gainera, terrorismoaren biktimen egia, duintasuna eta justizia izateko duten eskubidea urratzen duela uste du.
Ekain Ricoren esanetan, oroimen webguneekin gertaturikoak "erabateko zuzenketa" merezi du biktimak eta biktimarioak "maila berean" ager ez daitezen.
Bestalde, PSE-EEren bozeramailea prest agertu da Gogora Institutuarekin hitz egiteko, baldin eta biktimak eta biktimarioak bereizten badira.
Aranzadi zientzia elkarteak azpimarratu du Gogorak ezarritako irizpideak jarraitu dituela, baina Eusko Jaurlaritzatik ezetz diote. Halaber, Aranzadi aldaketak egiteko prest agertu zen, eragile politikoek eta sozialek hala nahi badute.