Politika -
Barometroa
Sumar CISen sartzeak Podemos hondoratu du eta PSOEren abantaila murriztu du
Yolanda Diazen plataformak Podemoseko eta Izquierda Unidako hautesleen % 36ren babesa lortuko luke horrela.
Agentziak | EITB Media
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordearen Sumar plataformak CISen azken barometroan egindako agerraldiak gogor zigortzen ditu Podemosen hauteskunde aurreikuspenak, babesen ia erdiak galdu baititu, eta PSOEri ere indar pixka bat kentzen dio, nahiz eta, oro har, ezkerraren aukerak hobetu egiten diren.
Hala, Diazek gidatzen duen plataformak Podemoseko eta Izquierda Unidako hautesleen % 36ren babesa lortuko luke hauteskundeak bihar izango balira, baina PSOEko boto emaileen ia % 8 eta BNGko hautesleen % 10 ere bereganatuko lituzke.
Inkestak PSOE jotzen du irabazletzat, botoen % 30,4rekin, 2,3 puntu galdu baditu ere, eta PP mantentzen du bigarren tokian, botoen % 26,1ekin.
Sumar lehen aldiz agertu da barometroan, babesen % 10,6rekin, Unidas Podemosen oso aurretik (martxoko % 10etik apirileko % 6,7ra jaitsi da); Vox, berriz, puntu bat igo da hilabetean, eta hirugarren postuari eutsi dio, % 11,1ekin, zentsura mozioa egin eta egun gutxi batzuetara egindako galdeketan.
EAJk botoen % 1,2 lortuko lituzke, EH Bilduk % 1,05 eta UPNk, berriz, % 0,1.