Politika -
Nafarroan
Aurkako jarrerak EA eta PSNren artean
EAk 'ziklo historiko baten aldaketaren aurrean' gaudela uste duen bitartean, PSNk ez du, 'oraindik', gobernukide ohien aurkako zentsura moziorik aurkeztuko.
Erredakzioa
Nafarroako koalizio gobernua behin betiko apurtu denean, alderdien jarrerek talka egin dute zabaldutako egoera berriaren aurrean
Alde batetik, Maiorga Ramirez Nafarroako EAko idazkariak uste du “erabat bazterrezina” izango dela hauteskundeak behar baino lehenago deitzea.“UPN eta PSNren arteko Gobernuaren porrotak Barcinak erabakiak edozein modutan hartzea ekarri du”, gaineratu du.
Oposizioko alderdiekin batera zentsura mozio bat aurkezteko aukerari dagokionez, Ramirezek uste du “momentu hauetan PSNk ez duela inongo sinesgarritasunik”, eta hori dela eta hauteskundeen aurrerapen bat eskatzen du, “ziklo historiko baten aldaketaren aurrean baikaude”.
Zentsura moziorik gabe
Beste alde batetik, Juan Jose Lizarbe sozialisten ordezkariak UPNren gutxiengo gobernuari kanpo laguntzarik emango ez diola ziurtatu du. “Oposizio baliagarri eta zorrotz bat” gauzatuko dutela azaldu du, baina“momentu honetan” zentsura mozioaren bidea ez hartzea erabaki dutela aipatu du.
Dena dela, eta bide hori hartu ez dutela azpimarratu ondoren, gaineratu nahi izan du arazoa ez dela oposizioko alderdiek ezin dutela hautagai komun bat izendatu.
Arratsalde batean
Horren harira, “hautagaiarena garrantzi gutxiko arazo bat” dela iradoki du, “arratsalde batean konponduta dago”.