Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Elgarrestak uste du "bai bakarrik da bai" legea ona dela emakumeentzat, PSOEren aldaketa gorabehera
Emakundeko zuzendariak onespen kontzeptutik harago jarri nahiko luke fokua, "legeak dakartzan onuretan", alegia.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB.EUS
"Bai bakarrik da bai" legearen aferari helduta ekin dio astelehenari Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dizkioten galderei erantzunez. "Luze joan den eztabaida honetan", Elgarrestak onespen kontzeptutik harago jarri nahiko luke fokua, "legeak dakartzan onuretan", alegia.
"Prozesu baten amaieran gaude, eta denbora luzez ahaztuta egon gara legeak ekarriko dituen onurekin, batez ere, sexu erasoak jasan dituzten emakumeengan pentsatuz. Lege ona da eta lege ona izaten jarraituko du, zalantzarik gabe", azpimarratu du. PSOEk otsailean aurkeztutako erreforma proposamenak "alarma soziala" piztu zuela onartuta, "erantzun baten beharra zegoen, eta sozialistek saiakera hori egin zuten", esan du.
Gaia erabat aldatuta, lan alorreko arrakalaz mintzatu da. "Segregazioa lotuta dago soldata arrakala horrekin, aspaldiko kontua da, eta gure kulturan oso errotuta dago. Zentzu handi batean gizarte aurreratu batean bizi gara, baina segregazioak sekulako eragina du soldata arrakalan. Rolek eta estereotipoek ere zeresan handia dute", azaldu du.
Bukatzeko, Elgarrestak berretsi du ez dagoela Emakunderen esku martxoaren 8a jaiegun izatea. "Gure proposamena izan zen azaroaren 5a jaiegun deitzea". Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzak, baina, baztertu egin zuen proposamena. "Ez nuke porrot bezala hartuko, zoriondu beharko genuke gisa horretako eztabaida sozial bat irekitzea", erantsi du.