Politika -
Dokumentazioa
Bettencourt auzia: familia eskandalua izatetik iruzur politiko izatera
Frantziako hirugarren familia aberatsenaren inguruan sortutako eskandalua balizko legez kanpoko finantzaketa kasu bihurtu zen, eta Sarkozy presidente ohia ere nahasi zuen.
Erredakzioa
Familia horri egindako grabazioek, horren sekretuak ezagutzera emateak eta datuak zabaltzeak eskandalua eragin zuen, legez kanpoko finantzaketa kasu izatera pasatu zen, eta Sarkozy presidente ohia bera ere nahasi zuen. Suitzan zeuden kontu sekretu batzuen, balizko interes-gatazka kasu baten eta alderdi politiko baten, 2007an Sarkozy Frantziako presidente egin zuen UMP Herri Mugimenduaren aldeko Batasunaren, legez kontrako finantziazioaren berri jakin zuten grabazio horiei esker.
2011eko urrian, L'Oreal enpresaren jabeak Alzheimerra zuela esaten zuten mediku txostenak onartu zituen epaileak, eta Bettencourten ondarearen ardura (17.000 milioi euro, L'Oreal taldeko akzioen % 30 eta administrazio kontseiluko boto eskubidea) alabak eta bi ilobek hartu zuten.
Hilabete geroago, garai hartan Frantziako Gobernuko Lan eta Ogasun ministro zen Eric Woerth izan zen Bettencourt kasuko lehen biktima politikoa. Woerth Sarkozyren lankide gertuenetakoa zen, baina kargua utzi behar izan zuen, eta, hiru hilabete geroago, orain Sarkozyren etxea miatzea agindu duen epaileak influentzia trafikoa egotzi zion. Gainera, Woerthen bitartez 150.000 euro jaso zituen ikertzen ari dira Sarkozy.
21 orduko grabazioez gain, garai hartan Bettencourt familiarentzat lanean ari zen Claire Thibout kontulariak esan zuen Bettencourten ondasunen kudeatzaileak eman ziola dirua Woerthi. Sarkozy Bettencourt familiak Neuilly herrian duen etxean ikusi zutela adierazi dute beste lekuko batzuek.
Orain, Nicolas Sarkozyk hauteskundeak galdu zituenetik bi hilabete igaro direnean, Jean-Michel Gentil epaileak presidente ohiaren etxea, bulegoa eta abokatuen bulegoa miatzeko agindua eman du.