Politika -
86. urteurrena
Gernikak bonbardaketa faxista gogoratuko du, lehen aldiz Espainiako ministro baten presentziarekin
Martxoak 3 elkarteak bonbardaketaren biktimen omenez sirena jotzeko ohorea izango du, eta Felix Bolaños ministroak hilerriko lore eskaintzan parte hartuko du.
EITB Media
Duela 86 urte Kondor Legioko hegazkin alemaniarrek eta italiarrek egindako bonbardaketa gogoratuko du gaur Gernikak (Bizkaia).
Martxoak 3 elkarteak bonbardaketaren biktimen omenezko sirena jotzeko ohorea izango du 15:45ean. Baina eguna ez da orduan hasiko, jardunaldia ekitaldiz josita baitago. Horrela, 10:30ean, George L. Steer Erresuma Batuko kazetaria omenduko dute, munduari Francisco Franco jeneral matxinatuak agindutako erasoaren berri eman ziona.
12:00etan, Gernika sariak banatuko dituzte, eta aurten Argentina, Hegoafrika, Timor-Leste eta Kolonbiako Egiaren Batzordeei eta gatazkan dauden eremuetako adingabeekin lan egiten duten Euskadiko Elkarteen plataformari emango diete saria.
14:00etan, bazkaria egingo da Jai Alai frontoian, bonbardaketatik bizirik atera zirenen omenez.
16:30ean, hilerrian, lore eskaintza egingo zaie bonbardaketan hildakoei, eta Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentzia eta Memoria Demokratikorako ministroak parte hartuko du bertan.
Horrela, aurrenekoz joango da ministro bat omenaldi horretara, 2022an Espainiako Gobernuak Fernando Martinez Lopez Memoria Demokratikoko Estatu idazkaria bidali ondoren.
Iaz, Espainiako Gobernuak lehen aldiz gaitzetsi zuen Gernikako bonbardaketa, basakeriaren 85. urteurrena gogoratzeko egindako adierazpen instituzional batean.
Iñigo Urkullu lehendakariak gutun bat bidali zion duela bi urte Pedro Sanchez presidenteari, omenaldira joan zedila eskatzeko.
Eguna amaitzeko, 21:30ean, kandelen ibilbidea egingo da, Foruen plazatik abiatuta.