Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
EH Bildu "giltzarri" izango da Nafarroako udaletan gehiengo alternatiboak osatzeko, Laura Aznalen arabera
EH Bilduren Nafarroako presidentegaiaren esanetan, PSNk "oker" jokatu zuen duela lau urte Iruñeko alkatetza eskuinari oparituta.
EITB Media
Udal hauteskundeak eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egiteko hilabete falta den honetan, Laura Aznal EH Bilduren presidentegaiaren arabera, koalizio abertzalea "giltzarri" izango da gehiengo alternatiboak osatzeko.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, Laura Aznalek esan du PSNk "oker" jokatu zuen duela lau urte Iruñeko alkatetza eskuinari oparituta. Gaineratu duenez, "inork ez" luke ulertuko sozialistek berriro horrelakorik egitea, eta, gertatuko balitz, beraiek eman beharko lituzkete azalpenak.
Aznalek adierazi duenez, EH Bildu "funtsezkoa" eta "erabakigarria" da eskuineko politikei aurre egiteko. Are gehiago, EH Bilduk Iruñean lehen indarra izateko aukerak dituela uste du: "Hori da gure erronka, eta horren bila goaz".
Hauteskundeen ostean Nafarroako Gobernuan parte hartuko duen galdetuta, beraien lehentasunak oinarri hartuta, "hitz egin, negoziatu eta lan egingo dugu", erantzun du.
Edozein kasutan, baikor hitz egin du, eta maiatzaren 28tik aurrera EH Bildu "indartsuagoa" eta "eraginkorragoa" izango dela gaineratu du.