Politika -
Igandean, Gasteizen
EH Bilduk bere Gobernu taldea osatuko luketen kideak aurkeztuko ditu
Koalizio abertzaleak Herrizaingo eta Justizia sailak Herritarren Askatasunak izeneko sail berri batekin ordezkatuko lituzke.
Erredakzioa
EAEko hauteskundeak irabaztekotan bere Gobernu taldea osatuko luketen kideak aurkeztuko ditu EH Bildu koalizioak igandean, Gasteizen, Europa Pressek jakin ahal izan duenez.
Iragan asteartean, Euskal Herria Bildu koalizio abertzaleak (ezker abertzalea, EA, Aralar eta Alternatiba) baieztatu zuen Laura Mintegi idazle eta EHUko irakaslea izango dela lehendakari izateko hautagaia EAEko hauteskundeetan.
EAEko hauteskundeei begira koalizioak emango duen hurrengo pausoa bere Gobernu taldea osatuko luketen 11 kideak aurkeztea izango da. Ekitaldia Gasteizen egingo dute, datorren igandean.
Hauteskundeak izan aurretik, koalizioak etorkizunean izango lukeen Gobernu taldea herritarrei aurkeztu nahi die.
Aipatu iturrien arabera, Gobernu paritarioa izango litzateke eta Jaurlaritzaren organigraman aldaketa nabarmenak egingo lituzkete.
Adibide moduan, EH Bilduk Herrizaingo eta Justizia Sailak Herritarren Askatasunak izeneko sail berri batekin ordezkatuko lituzke.
Nekazaritza sailak ere izen berria hartuko luke, Elikagai-Subiranotasuna. Azkenik, Enplegu eta Gizarte Gaietarako Saila Gizarte Justiziarekin ordezkatu nahi du koalizioak.
Horrez gain, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Sailak alor bakar batean batuko lituzke EH Bilduk.