Politika -

Hezkuntza

Lehendakariak espero du "inork oztoporik ez jartzea" hezkuntza legea onartzeko

Jaurlaritzak joan den astean onartutako proiektua defendatu du Legebiltzarrean, eta Elkarrekin Podemos-IU, PP+Cs eta Vox taldeen kritikei erantzunez esan duenez, "egitasmoak ez du arrakalarik sortu".

Urkullu, bere mintzaldiaren une batean. Argazkia: Eusko Legebiltzarra
Urkullu, bere mintzaldiaren une batean.
Urkullu, bere mintzaldiaren une batean. Argazkia: Eusko Legebiltzarra

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, hezkuntza lege berriaren proiektuak ez du "arrakalarik" sortu eta espero du legegintzaldi honetan onartzea, eta inork oztoporik ez jartzea"

Lehendakariak proiektua defendatu du Eusko Legebiltzarrean gaur egiten ari diren kontrolerako saioan, eta gaiari buruz Elkarrekin Podemos-IU (EP-IU), PP+Cs eta Voxek egin dizkioten galderei erantzun die. 

Miren Gorrotxategi EP-IU taldeko bozeramaileak salatu duenez, egitasmoak "desfase ekonomikoa" ekarriko du Jaurlaritzak egindako aurrekontu aurreikuspenekiko. Izan ere, proiektuak 680 milioi aurreikusi ditu itunpeko ikastetxeentzat baina aurrekontuetan 647 milioi gorde direla. Horrez gain, kritikatu du azken 10 urteetan ikastetxe mota horientzat gordetako diru partida % 25 hazi dela Lehen Hezkuntzan, eta % 37 DBHn. 

Halakorik dagoela erantzun du Urkulluk, eta gauzak nahastea aurpegiratu dio: "Gauza bat da hezkuntza legea onartzen denerako dauden aurreikuspenak, eta horretan espero dut inork oztoporik ez jartzea legegintzaldi honetan, eta beste bat, oso ezberdina, 2023ko aurrekontuak, horiek 2022ko abenduan onartu genituen". 

Gogorarazi duenez, iaz lau talde parlamentarioren babesarekin, tartean EP-IU, onartu zuten hezkuntza ituna du oinarri Jaurlaritzaren proiektuak. Urkulluren esanetan, egitasmoak "leialki" jaso du oinarrien idatzi hartan bildutakoak. Ordutik, koalizio moreak izan duen jarrera gaitzetsi du: "14 hilabete hauetan ituna sinatu zuten taldeen artean zuena da ekarpenik aurkeztu ez duen bakarra". Are gehiago, eta iragarritako osoko zuzenketari buruz, honakoa esan du: "Kanpoan geratzea erabaki duzue, inongo argudiorik eta arrazoirik eman gabe". 

Carlos Iturgaiz (PP+Cs) ere oso kritiko agertu da proiektuarekin, eta "aurreikuspen okerrenak" bete direla adierazi du. Horren hitzetan, "Bilduren proiektua da, Euskadik hezkuntza alorrean dituen benetako beharrizanei erantzuten ez diena". PSE-EE ere estu hartu du: "Proiektuaren alde daude, hauteskunde garaian gaudelako kritikatzen badute ere". PPko buruzagiak nabarmendu duenez, "hezkuntza legeak arrakala eta zarata sortu ditu esparru politiko eta sindikalena eta hezkuntzan". 

"Ez dago arrakalarik"

Lehendakariak gogora ekarri duenez, "talde parlamentarioekin eta hezkuntza komunitatearekin egindako eztabaida eta hausnarketa luze bezain aberasgarri" baten ostean onartu dute proiektua, eta arrakalarik ez dagoela azpimarratu du "ekarpen guztiak hezkuntzan etorkizunean izango diren erronkei erantzuteko" helburua dutelako. 

Legeak euskara "inposatu" nahi duela esan du Iturgaizek, eta horren harira, Urkulluk jakinarazi du aurten familien % 98k aukeratu dute eredu elebiduna. "Herri elebiduna da gurea eta gazteek bi hizkuntza ofizialak menderatzea nahi dugu, eta gutxienez, beste hirugarren bat". 

Azkenik, Amaia Martinez (Vox) adierazi du Jaurlaritzaren egitasmoak hezkuntza "euskal nazio bat eraikitzeko asmakeriaren menpe" jarri duela. 

Horri erantzunez, Urkulluk Frankismo garaian hezkuntzarekin gertatutakoa ekarri du gogora: "Zoritxarrez, gure gizarteak hezkuntzaren ideologizazio sakon bat pairatu zuen 40 urtez. Ideologizazio hark pentsamendu bakarra ekarri zuen, eta ezberdin pentsatzen zuena isilaraztea". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hezkuntza legea Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Vox Carlos Iturgaiz Miren Gorrotxategi