Politika -
Eztabaida Radio Euskadin
EAJ: 'Martin Garitanok konfiantza mozioa aurkeztu beharko luke'
Gipuzkoako ahaldun nagusiaren aurkako zentsura mozioa aurkezteko proposamena luzatu diote EAJri PSEk eta PPk Radio Euskadin izandako eztabaida politikoan.
Erredakzioa
Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura mozioaren harira Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak adierazi duenez, Martin Garitano ahaldun nagusiak "konfiantza mozioa aurkeztu beharko luke". Bestalde, Gipuzkoako ahaldun nagusiaren aurkako zentsura mozioa aurkezteko proposamena luzatu diote EAJri PSEk eta PPk.
Radio Euskadin izandako eztabaida politikoan Egibarrek azpimarratu duenez, Alduntzini jazotakoa "abisu bat" izan da. "Espero dut jarrera zuzentzeko balio izatea", esan du jeltzaleak. "Martin Garitanok defentsa horren erantzukizuna hartu beharko luke bere gain baina ez du egin, are gehiago, biktimarena egin du", salatu du Egibarrek, "norabide berean jarraitzeko asmoa badu, konfiantza mozioa aurkeztu beharko luke, eta gehiengoaren babesa lortzen ez badu, dimisioa aurkeztu beharko luke".
PSE
Bestalde, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak eskua luzatu dio PPri eta EAJri, "Gipuzkoan gobernatzeko eredua aldatzeko". "Jazotakoa EAJren konplizitatearekin gertatu da, eta hura aldatzeko bi bide daude: Garitanok konfiantza mozio bat aurkeztea edo Alduntzini zentsuratu duten alderdi politikoek foru Gobernua ere zentsuratzea", adierazi du.
PP
Laura Garrido PPko legebiltzarkideak esan duenez, "PPren, PSEren eta EAJren artean gehiengo egonkor bat sortzeko" proposamena egin zuen jada PPk. "Bilduk gaitzespena jaso du, gehiengoak esandakoari muzin egin dio, eta Legebiltzarraren bermarik gabe proposamen bat inposatu du", salatu du.
EA
Juanko Aguirrezabala EAko legebiltzarkideak, berriz, "EAJren, PSEren eta PPren arteko interes-itun bat" salatu du. "Eztabaidaren gakoa ez dira hondakinak, Bildu erakundeetatik botatzea baizik", esan du.