Politika -

Epaiketa Auzitegi Nazionalean

27 urterainoko zigor-eskaera, ETAko ustezko 9 laguntzailerentzat

Fiskaltzak zigor handiena eskatuko du Ibon Iparraguirre Burgoarentzat eta Asier Badiola Lasarterentzat, ETAko kidea eta armak eta lehergaiak izatea leporatuta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak bederatzi lagun epaituko ditu astelehen honetatik aurrera. Hauei ETAko "Kresala" eta "Tontor" taldeko kideak izatea, eta armak eta lehergaiak izatea leporatu diete. Ondorioz, bost eta 27 urte bitarteko espetxe-zigorrak eskatuko ditu Fiskaltzak.

Epaiketa Auzitegi Nazionaleko Zigor Auzitegiko lehen atalean izango da. Fiskaltzak zigor handiena eskatuko du Ibon Iparraguirre Burgoarentzat eta Asiera Badiola Lasarterentzat, ETAko kidea eta armak eta lehergaiak izatea egotzita.

Halaber, Zunbeltz Bedialauneta, Urtza Alkorta eta Igor Martin Miño epaituko dituzte. Hauentzako zigor-eskaera 17 urteetakoa izango da. Gainera, Xeber Uribe Beitia, Jon Iñaki Esnaola Alba, Javier Zubizarreta Legardi eta Olaitz Lema Zabala ere izango dira epailearen aurrean. Terroristei laguntza eskaintzea leporatuta, zazpi urteko kartzela-zigorra eskatuko dute Beitiarentzat, Albarentzat eta Legardirentzat. Zabalarentzat, berriz, zigor-eskaera bost urtekoa izango da.

Informazioa bildu eta eman

Fiskalaren idazkiaren arabera, Iparragirre, Badiola, Bedialauneta, Alkorta eta Martin Miño ETAko Ondarroako taldeko kideak ziren, eta balizko atentatuen helburuen gaineko informazioa biltzea eta eskaintzea zuten helburu. Gainera, atentatuetarako azpiegitura erraztea eta lehergaiak gordetzea ere egotzi diete.

Halaber, fiskalak bi eraso leporatu die: bata, 2008ko martxoaren 30ean, Izarraitz mendiko errepikagailuan (Azpeitian), eta bestea, urte horretako uztailaren 28an Abiadura Handiko Trenaren eraikuntzan parte hartu zuen enpresa baten makineriaren aurka Orion (Gipuzkoan).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea