Politika -

Agiria

ETA: 'Esfortzu handia egiten ari gara elkarrizketa bideratzeko'

Espainiako eta Frantziako estatuek, berriz, "bakearen kontrako agenda" dutela salatu du ETAk.

ETAk jarduera armatua utzi zuela iragarri zueneko argazkia. Foto: EITB
ETAk jarduera armatua utzi zuela iragarri zueneko argazkia.
ETAk jarduera armatua uzteko hartu zuen erabakiari eusten dio

01:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk jarduera armatua uzteko urriaren 20an hartu zuen erabakiari eusten dio, eta "esfortzu handia" egiten ari da "elkarrizketarako bideak irekitzeko", naiz.info webgunera bidalitako agiri batean azaldu duenez.

bere iritzia jakinarazteko agiri bat zabaldu du gaur ETAk —Naiz.info-ra eta Gara-ra helarazi du—,eta dio "elkarrizketa bideak zabaltzeko ahaleginak biderkatzen" ari dela. "Gatazka politikoa" gainditzeko, elkarrizketa eta akordioa aldarrikatu ditu.

ETAk Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera kritikatu du agirian, "elkarrizketa errefusatzeaz gain, prozesua oztopatzeko eta gelditzeko estrategian" murgilduta daudelakoan. “EAJren eta PSOEren portaerak” ere kritikatu ditu.

Era berean, ez du begi onez ikusten Espainiako Gobernuak presoak gizarteratzeko aurkeztutako plana: "Presoen muturreko egoerari zilegitasuna eman nahi dio eta aurrerapen aukera oro blokeatu nahi du".

Aieteko Adierazpenetik pasatu diren 9 hilabeteen balantzea egin du ETAk agirian. Idatzi hartan, nazioarteko hainbat pertsona ezagunek indarkeria baztertzea eskatu zioten ETAri, eta elkarrizketa politikoak abiatzeko alderdiei. Adierazpena egin eta egun batzuetara, ETAk jarduera armatua betiko utzi zuela iragarri zuen.

Prozesua oztopatzea

ETAren arabera, "Euskal Herriaren gogoa eta nazioartearen konpromisoa oinarri sendoak dira prozesua aurrera eramateko", baina "estatuek bakearen kontrako agenda darabilte".

"Tamalez, hilabeteotan konponbide aukerak etsaiak ere badituela ikusi dugu. Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dute erantzun positiborik eman", azaldu du ETAk agirian.

ETAk hauek jarri ditu "bake aukera" zapuztu nahi dutenen artean: "inteligentzia zerbitzuak, Espainiako eta Frantziako indar armatuak, epaileak, mendeku gose diren elkarteak eta zenbait komunikabide".

Era berean, "materiala modu seguruan eta egonkorrean biltzeko saiakerak" aprobetxatuz polizia-operazioak egiten dituztela eta hori "irtenbidea lortzeko prozesu batekin bateraezina" dela ohartarazi du.

EAJ

Era berean, EAJren jarrera salatu du, "Aieteko Adierazpena txalotzetik, bertan azaltzen ziren puntuak zalantzan jartzen dituen diskurtsoa izatera" pasatu delako.

ETAren ustez, "esanguratsua" da "konponbidearen kontra egiten duen gobernuarekin ulerkor agertzen den bitartean”, EAJk “ezker abertzaleari zuzentzea kritika gogorrenak".

ETAk gogoeta egitea eskatu dio EAJri: "Euskal Herriaren eta euskal herritarren interesen alde bultzatu beharko genuke".

PSOEri dagokionez, ETAk salatu du, "salbuespen bakan batzuk kenduta", "konponbidearen gakoak desitxuratu" nahi dituela presoen eta elkarrizketaren kasuan.

Aukera historikoa

Agirian azaldu duenez, "bakea eta etorkizun askea posible dira", eta "arduraz" jokatzeko deia egin die eragileei.

ETAk dio "elkarrizketarako bideak irekitzeko esfortzu handia" egiten ari dela, " nazioarteko eragileekin harremanak sendotzen eta prozesuak eskatzen dituen barne egokipenak gauzatzen, elkarrizketetarako ETAren Ordezkaritza osatuz, besteak beste".

Gaineratu duenez, bere konpromisoa "bide berari eustea da, bakea eta askatasuna helburu duen prozesua bururaino eramateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea