Politika -

Hauteskunde orokorrak

Urkullu: "Igandeko bozkak hauteskunde orokorren kanpainako lehen proba izan ziren"

Komunikabideen aurrean egindako agerraldian, adierazi du nahiko lukeela legegintzaldi honetako jarduna "normaltasunez" bukatu, Estatuko legealdiaren amaiera gorabehera. Testuinguru horretan, iragarri du ez duela hauteskundeak aurreratzeko asmorik.

Iñigo Urkullu lehendakaria
Iñigo Urkullu lehendakaria
Urkullu: “Gizarte guztia ustekabean harrapatu dute uztaileko hauteskundeek, baita bere alderdia ere”

0:31

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du maiatzaren 28ko hauteskundeak datorren uztailaren 23ko bozken kanpainaren lehen proba izan zirela. Hitz horiekin erantzun dio kazetari batek egindako galderari, Pedro Sanchezek atzo egindako iragarpenaz galdetu egin dionean, "ezustean" harrapatu duela erantsita.

Komunikabideen aurrean egindako agerraldian, adierazi du nahiko lukeela legegintzaldi honetako jarduna "normaltasunez" bukatu, Estatuko legealdiaren amaiera gorabehera. Aurreikusitakoaren arabera, 2024ko uda hasieran amaituko du Urkulluk legealdia, alegia, orduan deituko ditu Eusko Legebiltzarrerako bozkak.

Testuinguru horretan, iragarri du ez duela hauteskundeak aurreratzeko asmorik.

Espainiako hauteskunde orokorren deialdiak Euskal Autonomia Erkidegoan izan ditzakeen ondorioei buruz, bestalde, nabarmendu du Gobernuak ez dituela hartutako konpromisoak errespetatu, zenbait eskumenen transferentzia bete gabe geratu delako.

"Gobernu programa bat eta plan batzuk ditugu, eta espero dugu normaltasun osoz bete ahal izatea, baldin eta egoerak horretarako aukera ematen badigu", azaldu du.

Esan bezala, lehendakariak argi du Gorteen desegiteak eta hauteskundeen aurrerapenak eskumenen negoziazioan eragina izango duela, baina salatu du orain arte ere Gobernuak eta bere presidenteak ez dutela horretarako onartutako kronograma bete.

Iragan igandeko bozkak hizpide hartuta, azpimarratu du bere asmoa ez zela emaitzak Espainiako edo Legebiltzarrerako hauteskundeen atariko gisa hartzea. Hots, argitu du maiatzaren 28rako kanpainan zabaldutako mezuak "udal eta foru hauteskundeetara bideratuta" zeudela.

Zentzu horretan, iritzi dio arrazoi asko egon litezkeela emaitza horien atzean; herritarren "haserrea", "nekea" edota Jaurlaritzaren jokabidea, adibidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE Iñigo Urkullu Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Udal eta foru hauteskundeak Eae-ko udal eta foru hauteskundeak