Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Estebanek, EAJren igandeko emaitzei buruz: "Uste dut Espainiako hauteskundeetan giroa ezberdina izango dela"

Sanchez berriro babesteari ez dio aterik itxi, nahiz eta onartu duen horretarako baldintzak "beste modu batean" planteatuko dituztela, azken hiru urteotan ikasitakoa kontuan hartuta. Feijoorekin hitz egitea ere badago EAJren aukeren artean, "betiere Voxekin batzen ez bada".

EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile Aitor Esteban. Argazkia: EITB Media
EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile Aitor Esteban
EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile Aitor Esteban. Argazkia: EITB Media

play icon 22:25

LUZIA ZUGADI LASA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile Aitor Estebanek gaurkotasun politikoari gainbegirada eman dio Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan jeltzaleek izan zuten boto galeratik abiatuta. "Edozein hauteskundek tentsioan jartzen zaitu, baina uste dut uztailaren 23ko bozkak oso ezberdinak izango direla. Egia da jaitsiera izan dugula, kudeaketan huts batzuk egin ditugulako, pandemia batetik atera garelako eta gizarteak desegonkortasun hori sumatu duelako. Halere, itxaropentsu nago, pentsatzen dudalako giroa ezberdina izango dela", esan du.

Sanchez berriro babesteari ez dio aterik itxi, nahiz eta onartu duen horretarako baldintzak "beste modu batean" planteatuko dituztela, azken hiru urteotan ikasitakoa kontuan hartuta. Feijoorekin hitz egitea ere badago EAJren aukeren artean, "betiere Voxekin batzen ez bada". "Guk gure programa defendatuko dugu Madrilen, euskal gizartearentzat onena dena", erantsi du.

"Sanchezek momentu bakoitzean komeni izan zaiona egin du, nahiz eta konpromisoak ez bete. Sanchez da bera eta berea", adierazi du elkarrizketan. Hala eta guztiz ere, pozik azaldu da Espainiako Gobernuak dagoeneko bete duelako aurrekontu konpromisoetan hitzartutakoaren % 80. "Kontrara, inbestidura akordioan, naziotasuna aintzat hartzean eta eskumenetan ez du borondaterik erakutsi", azpimarratu du.

Bukatzeko, EAJren eta EH Bilduren arteko lehiak Madrilen irudikatuko duen agertokiaz mintzatu da. "Lehiatuko gara, eta ikusiko dugu nor den nor. Argi dut guk gehiago kudeatu dugula, eta EH Bilduk marketin gehiago egin duela, saldu dituzten gauza asko ez direlako gauzatu", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Bizkaia Hauteskunde orokorrak Espainian Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia Udal eta foru hauteskundeak 2023