Politika -

HAUTESKUNDE OROKORRAK

Sanchez, hauteskunde aurrerapenaz: "Ezin nuen ardurarik hartu gabe geratu, ezer gertatu ez balitz bezala"

PSOEk igandeko hauteskundeetan izandako emaitzen aurrean, bere erantzukizuna dela eta hauteskundeak "kontzientziagatik" eta "alderdikideengan pentsatuta" aurreratu dituela esan du. PP eta Voxi erronka bota die.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Diputatuen Kongresura iritsi berritan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Diputatuen Kongresura iritsi berritan. Argazkia: EFE
Sanchezek dio bere alderdikideengan pentsatuz hartu duela hauteskundeak aurreratzeko erabakia

1:04

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko buruak asteazken honetan diputatu eta senatari sozialisten aurrean ziurtatu duenez, hauteskunde orokorrak uztailaren 23ra aurreratzeko erabakia "kontzientziagatik" egin du, bere alderdikideak eta bere "ardura" kontuan hartuta.

"Ezin nuen ardurarik hartu gabe geratu, ezer gertatu ez balitz bezala", esan du Diputatuen Kongresuan egindako bileran, eta gaineratu du "liderrek" ezin dutela beste alde batera begiratu horren zigor handia jaso ondotik, igandeko hauteskundeetan lortutako emaitza kaskarrak ikusita.

PSOEko buruak esan du irabaztea gustatzen zaiola eta "galtzeak min" eman diola: "Nola ez bada!". Horren ustez, hauteskundeetako emaitzen lehen ondorioa hauteskunde orokorrak aurreratzea izan da, eta bigarrena, PSOEk agintzen zuen erakunde guztietan orain PPk eta VOXek aginduko dutela.

"Presidente autonomiko eta alkate bikainak kenduko dituzte, nahiz eta horietako askok hauteskundeetan babes handiagoa lortu duten", azaldu du, eta gaineratu du aipatu bi alderdien helburu bakarra "sanchismoa indargabetzea" dela.

Testuinguru horretan, euren programa azal dezatela eskatu die, eta galdetu die ea indargabetuko dituzten lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera, Etxebizitza Legea edota pentsioen igoera.

Halaber, diputatu eta senatari sozialistei borrokarako deia egin die, nahiz eta aurretik duten lana "izugarria" izan; izan ere, eskuina eta eskuin muturra "oilartuta daude" eta "ez dute inolako lotsarik atzera egiteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Hauteskunde orokorrak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak