Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Elkarrekin Podemosek "ausardia" eskatu dio PSE-EEri hitz egiteko eta "berriz ere EAJren menera" ez egoteko
Pilar Garrido EPren koordinatzaile nagusiaren hitzetan, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin ez negoziatzea "euskal gizartearen gehiengoaren kontra" joatea da. EAJrekin badoa, Maider Etxebarria Gasteizko alkategai sozialista babestea baztertu du: "Badakigu nork erabakitzen duen".
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Pilar Garrido Elkarrekin Podemosen (EP) koordinatzaile nagusiak "ausardia" eskatu dio PSE-EEri tokiko eta foru erakundeetan gobernu aurrerakoiak osatzeko bidean, eta ez dadila "berriz ere EAJren aurrean makurtu". "Gutxienez jesar dadila hitz egitera", erantsi du.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, Garridok esan du, hauteskundeen emaitzei erreparatuta, kasu askotan badagoela aukera "gobernu aurrerakoiak eta ezkerrekoak osatzeko, eta aldaketa gauzatzeko". Gobernu mota horiek bermatzen dituzte, horren ustez, "etxebizitza eskubidea izatea, Lehen Arreta indartzea edo Gipuzkoan zerga erreforma progresiboa egitea. EAJk ez du inoiz halakorik egingo, eta hori sozialistek badakite".
Hortaz, espero du PSE-EE ez jartzea "eskuinaren menpe, EAJren eta PPren menera, kale egin duten eta herritarrek zigortu dituzten politiken menpe". "Harrigarria egiten zait PSE-EEk, gertatzen ari direnak eta EAJren desgastea ikusita, gobernu aldaketa ez babestea. Euskal gizartearen gehiengoaren kontra joatea da", gaineratu du.
Horren ildoan, PSOEk Madrilen eta Euskadiko federazioak hemen duten jarrerak alderatu ditu Garridok: "Han, eta hori nik neuk ikusten dut —diputatua da Kongresuan—, PSOEk EH Bildurekin eta ERCrekin bildu eta negoziatzen du, batzuetan akordioak lortzen dituzte, eta beste batzuetan ez", azaldu du.
Azkenik, Gasteizko Alkatetzarako Maider Etxebarria sozialistaren hautagaitza babestuko ote luketen galdetuta, Garridok ezezkoa erantzun du: "Ez, bikotea berdina da (EAJ-PSE-EE), eta badakigu nork erabakitzen dituen politikak". Nabarmendu duenez, "pozik" osatuko lukete ezkerreko gobernu bat PSE-EErekin, eta "gobernu akordioa" erdietsiko balute, gaur bertan sinatuko luke Etxebarriarekin.