Politika -

M28

EAJk ez du PPri "ezer emateko beharrik" ikusten, inbestiduretan horien babesa jaso arren

Legebiltzarkideek, maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzak aztertu dituzte, baita EAJk eta PSE-EEk foru eta udal erakundeen gobernagarritasunerako lortutako akordioa ere.

Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan botoa eman zuen pertsona bat. Argazkia. Foto: EFE
Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan botoa eman zuen pertsona bat. Argazkia. Foto: EFE
EAJk ez du ikusten alderdi popularrari ordaina eman beharrik

1:25

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Urrutia EAJko legebiltzarkideak esan du jeltzaleek ez diotela "ezer eman beharrik" PPri, inbestidura-saioetan horien babesa jaso arren. Ildo horretatik, PPk azkenean noren alde egingo duen erabaki behar duela uste du Urrutiak.

Radio Euskadin egindako adierazpenetan, ordezkari jeltzaleak aitortu du EAJk boto kopuru handia galdu duela maiatzaren 28an izandako udal eta foru hauteskundeetan, eta horrek guztiak azterketa eta "autokritika" eskatzen duela, "baina ez autoflagelazioa". Elkarrekin Podemosen jarrera "argia da eta ziurrenik EH Bilduri babesa emango dio. PPk aukeratu beharko du EAJren hautagaia edo EH Bilduren hautagaia nahiago duen Gipuzkoako Foru Aldundian, eta hautagai sozialista edo ezker abertzalearena Gasteizen", zehaztu du.

Hala, iragarritako gobernagarritasun akordioarekin "erakundeetan aulkiak banatzea" eta PP "gehitzea" leporatu die Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak EAJri eta PSE-EEri.

Testuinguru horretan, Euskadi "ziklo politiko berri batean" murgildu dela esan du Kortajarenak, bere iritziz, lurraldeak bestelako beharrak dituelako eta aldatu delako "soziologikoki zein politikoki". Halaber, "EH Bilduren proiektuak gizartean ematen ari den balio eta printzipio aldaketarekin bat" datorrela nabarmendu du, eta koalizio abertzaleak maiatzaren 28an lortu zituen emaitzak "oso onak" izan zirela azpimarratu du.

Nolanahi ere, Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak esan du bere alderdiak herritarrei emandako hitza betetzen duela, eta "ahal duten guztia" egingo dutela EH Bildu agintetik kanpo egoteko erakundeetan.

"Gobernu egonkorren giltza izan nahi dugu, ez bakarrik erakundeak eratzeko egunean", gaineratu du Barriok.

Gloria Sanchez PSE-EEko legebiltzarkidearen ustez, EAJrekin lortutako akordioak egonkortasuna ematen die erakundeei, eta ez du aurreikusten PP haien gobernuetako kide izatea. "Pentsa dezagun egonkortasuna behar dela. Elkarrekin Podemosek bere jarrera hobeto pentsatu eta berriz aztertu beharko luke. Gasteizen gure hautagaia aurkeztuko dugu, eta beste alderdien jarrera zein den ikusiko da", jakinarazi du.

Gustavo Angulo Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak salatu duenez, EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa "ez da itun programatiko soil bat", eta, gainera, PPrekin erakundeetan "hiruko gobernua" egotea ahalbidetzen du. Era berean, erreforma fiskala bezalako gaiak ez direla "gehiengo aurrerakoi baten esku" egongo uste du, "alderdi eskuindarren esku baizik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PP Herriak eta Hiriak Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023