Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Aizpuruak berretsi du Sanchez berriro babestuko luketela, trukean "ardura eta leialtasuna" eskatuta
EH Bilduko diputatu eta U23rako Gipuzkoako zerrendaburuak adierazi du koalizioa ERCrekin batera aurkeztuko dela Senatuan, baina ez Kongresuan. "Ezberdinak dira", arrazoitu du. Legegintzaldiaren "balorazio oso positiboa" egin du Aizpuruak: "Jakin dugu aukerak aprobetxatzen".
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
"Noski baietz, Sanchezen alde egingo genuke berriro". Horrela erantzun du Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatu eta U23ko hauteskundeetan Gipuzkoako zerrendaburua denak hurrengo legegintzaldian gobernagarritasun aukerez galdetuta. Izan ere, jakin badakite zein den horren alternatiba: "Alderdi Popularra eta eskuin muturra", gogorarazi du. Babes horren trukean "jokatzeko eran" eta akordioak betetzeko orduan "ardura eta leialtasuna" galdegingo diotela azpimarratu du.
EH Bilduk U23rako hautagaitzak aurkeztu berritan—asteburuan egin dituzte ofizial, lurralde guztietan aurreko berdinei eutsita— elkarrizketa egin diote Aizpuruari Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Senatuan ERCrekin batera aurkeztuko da koalizio subiranista. Argudiatu duenez, goi ganbera "lurraldetasunari begira" dago, eta han bi indarrek izan dute "esperientziarik" legegintzaldi honetan: "Talde bat gara eta pauso bat gehiago ematea erabaki da orain, eta uste dut erabaki ona dela". Hala, "baikorrak izanda, eta Gipuzkoan lehen indarra" badira, hiru senatari lortuko dituztela uste du Aizpuruak —orain bi dituzte—. Kongresuan, baina, bakarka aurkeztuko da EH Bildu, eta horren arrazoiaz galdetuta, bi ganberak "ezberdinak" direla azaldu du. Behe ganberan talde parlamentarioari eutsiko diotelakoan dago.
"Oso gogorra" izanagatik, legegintzaldiaz "balorazio oso positiboa" egin du EH Bilduko diputatuak. Horren esanetan, "jakin dugu aukerak aprobetxatzen, ez dakit dohaina den edo bidean ikasitako zerbait, baina arantzarik ez dut. Baliatu dugu aukera presioa egiteko eta Euskal Herriarentzat eta jendartearentzat neurri onak lortu ditugu".
Sumarren eta Podemosen artean sortutako arrakalak eta betoak ahotan, Aizpuruak esan du ez duela ulertzen Irene Montero Berdintasun ministroa baztertzea. "Asko estimatzen dut eta balio politiko handia du. Miresten dut erakutsi duen aguanteagatik, haren kontra izan den eraso eta irainak aguantatzeagatik", nabarmendu du.
Azkenik, larunbatean egingo den udalen osaketaren harira, EH Bilduko diputatuak azpimarratu du ez dutela galdutzat ematen Joseba Asiron Iruñeko alkate egitearena, edo Gasteizko alkatzetza eskuratzearena. "Azken minutura arte borrokatuko gara, ze uste dugu hauteslegoari zor diogula. Esplikazioak besteek eman beharko dituzte, eta argudio gutxi entzun ditut nik. Ez dute azaltzen zergatik Maddalen Iriarte edo Rocio Vitero kendu behar dituzten", adierazi du.