Politika -

Gipuzkoako Batzar Nagusiak

EAJk eta PSE-EEk proposatu dute EH Bilduk gidatzea Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Mahaian talde guztiak egotea

Batzarkide jeltzaleek akreditazioa jaso ostean egin dute ofizial proposamena. EAJko kideez gain, sozialistek eta PPkoek ere eman dute pausoa, eta horrenbestez, Ganberaren herenak akreditatuta, Batzar Nagusiak eta erakundeko mahaia osatzeko prozesua hasiko da.

EAJren 17 batzarkideak, Mendoza erdian dela, gaur. Argazkia: EFE
EAJren 17 batzarkideak, Mendoza erdian dela, gaur.
EAJren 17 batzarkideak, Mendoza erdian dela, gaur. Argazkia: EFE

E.G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk proposamena helarazi diete Gipuzkoako Batzar Nagusietako talde guztiei, eta horren arabera, EH Bilduren esku geratuko litzateke Gipuzkoako Batzar Nagusien Presidentetza (22 batzarkide eskuratu zituen bozketan) eta Mahaiaren gainerako postuak beste lau taldeen artean banatuko lirateke: EAJrentzat litzateke Lehen Presidenteordetza (17 ordezkari); PSE-EErentzat (7), Bigarren Presidenteordetza; PPrentzat (3), Lehen Idazkaritza, eta bigarrena Elkarrekin Podemosentzat (2). 

Proposamena Mahaiko kideak M28ko emaitzen arabera, handitik txikirako hurrenkeran, aukeratzean datza. Planteamendua atzo egin zieten taldeei, baina gaur egin dute ofizial, EAJren 17 batzarkideek euren akreditazioa jaso ostean. PPko ordezkariek ere aktak jaso dituzte, eta gauza bera egitekoak dira PSE-EEko kideak ere. 

Hartara, batzarkideen herenek baino gehiagok akreditazioa jaso dutenez, Batzar Nagusien osaketan aurrera egiteko prozedura abiatuko da. Xabier Ezeizabarrena Batzorde Iraunkorreko presidenteari dagokio Batzar Nagusiak osatzeko eta Mahaia aukeratzeko bilkura deitzea (15 eguneko epea dago). Gipuzkoakoak ez beste Batzar Nagusiek badute osatzeko data: Araban, ekainaren 19an egingo dute, eta 22an, Bizkaian. 

Maria Eugenia Arrizabalaga EAJk foru erakundean duen bozeramaileak azaldu duenez, proposamen "xume eta naturala" da eurek egindakoa, eta "hain da naturala, ezen nahikoa dela bakoitzak bere buruari bozkatzea". "Bosten arteko akordio bat behar, borondate politiko pixka bat", erantsi du. Taldeen erantzunaren zain daudela argitu du. 

Azkenik, Foru Aldundiari dagokionez, Arrizabalagak zehaztu du jeltzaleak eta sozialistak "gobernu egitasmoa garatuko duen akordio politikoa" negoziatzen ari direla. "Hori izango da Eider Mendozaren izendapen hitzaldiaren muina", adierazi du. 

PPk Kiroletako Saila eskatzen du Mendozaren alde egitearen truke

Batzarkide jeltzaleek bezala, PPren hiru kide aukeratuek ere akreditazioak jaso dituzte gaur. Mikel Lezama zerrendaburuak kazetariei azaldu dienez, "erantzunkizunez bozkatu nahi dugu, eta Mendozaren alde egin, baina erantzukizun horrek aldebikoa izan behar du". Horren hitzetan, Kiroletako Saila nahi dute euren babesaren truke. "Ikusiko dugu, ez dago gidoirik idatzita", nabarmendu du, eta argitu duenez, "whatsappen bat gorabehera, ez da elkarrizketa garrantzitsurik izan".

EAJk eta PSE-EEk Mahaiko postuak banatzeko egindako proposamenaz, Lezamak uste du "justua eta orekatua" dela. "Denok bagaude, denontzat da ona eta gipuzkoarrentzat ona da", argudiatu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Gipuzkoa EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Udal eta foru hauteskundeak 2023 Gipuzkoako Foru Aldundia