Politika -
Omenaldia Blancori
Ermuak batasunerako deia egin du elkarbizitza eraikitzeko
Udalak omenaldia egin dio Miguel Angel Blanco ETAk duela 15 urteko bahitu eta hil zuen PPko zinegotziari. Duen ardura bere gain hartzeko deia egin dio Aresek ezker abertzaleari.
Erredakzioa
Ermuko Udalak omenaldia egin dio Miguel Angel Blanco ETAk duela 15 urte bahitu eta hil zuen PPko zinegotziari. Ekitaldiko parte-hartzaileek "batasun sozial eta politikorako" deia egin dute, ETAri "gailendu" ondoren "elkarbizitza anitza eraikitzeko".
Ekitaldia Ermuko udaletxearen atarian egin dute, eta lore-eskaintza egin diote bertan dagoen Miguel Angel Blancoren oroitarrian.
Bertan izan dira Mari Mar Blanco biktimaren arreba, Carlos Totorika Ermuko alkate sozialista, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua, Anton Danborenean PPren Bizkaiko burua, Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramailea, Dani Maeztu Aralarren legebiltzarkidea, Gorka Maneiro UPyDkoa, eta Ermuko PSE-EEren, PPren eta EAJren zinegotziak.
Lore-eskaintzaren ondoren, hildako zinegotziaren arrebak "batasun sozial eta politikoa"ren aldeko deia egindu "ETAren ideia totalitario eta baztertzaileei" gailentzeko.
Miguel Angel Blanco Fundazioaren buru ere badenak azpimarratu du egungoa "esperantza eta ilusiorako garaia" dela, baina ohartarazi du "oraindik asko" dagoela egiteko.
Carlos Totorika Ermuko alkateak, bere aldetik, "denok eroso egoteko moduan egongo garen elkarbizitza anitza eraikitzeak" duen garrantzia azpimarratu du, "ETAri militarki gailendu ostean".
Ezker abertzalearen ardura
Bestalde, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak "iraganeko ardura" bere gain hartzeko deia egin dio ezker abertzaleari, "urtetan indarkeria terroristari babesa eman ondoren orain jokoarauak errespetatuz politika egin nahi dutelako".
Barakaldon, EHUn eta 40 udalerri baino gehiagotan
Miguel Angel Blancoren oroimena ''hiltzaileari kemena eman zion ideologia totalitarioaren gaitzespena'' izan behar dela esan du Patxi Lopez lehendakariak Barakaldon egin duten omenaldian.
EHUn ere gogoratu dute zinegotzia, haren izena daraman Ekonomia eta Enpresa Zientzien fakultatean. Iñaki Goirizelaia errektoreak ''elkarrizketa eta hitza'' defendatu ditu bertan, ''halakorik berriz gerta ez dadin''.
Miguel Angel Blanco fundazioak bultzatuta, omenaldiak egin dituzte egunean zehar Estatuko 40 hiritan, tartean Guardamar del Seguran. Bertan igarotzen dute uda zinegotziaren gurasoek, eta bertan gogoratu dute semea, haren omenez eraikitako monolitoan lore eskaintza eginaz eta adierazpena irakurriz.