Politika -
Udalen osaketa
UPNren bi zinegotzik dimisioa aurkeztu dute Garesen, EH Bilduri babesa eman ondoren
Larunbatean, UPNk udalerri horretan dituen lau zinegotzietako hiruk EH Bilduren alkategaiaren aldeko botoa eman zuten, koalizio abertzaleak lortutako zinegotziekin gehiengo osoa bermatuta zuen arren.
eitb media
Yolanda Tejero UPNk maiatzaren 28ko hauteskundeetan Garesen (Nafarroa) aurkeztu zuen zerrendaburuak kargua utzi du astelehen honetan, eta berarekin batera, Carmen Soto alderdikideak ere, larunbatean izandako udal osaketa saioan EH Bilduren hautagaiaren alde botoa eman ondoren.
UPNko bi zinegotzi horiek dimisioa aurkeztu ondoren, alderdi horrek maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako prestatu zituen zerrendetan bosgarren eta seigarren agertzen ziren hautagaiek hartuko dute zinegotzi akta: Carmen Esain Morenok eta Francisco Martinez Nicolasek, hain zuzen ere.
Halaber, EH Bilduko alkategaiaren alde bozkatu zuen hirugarren kideari ere zinegotzi akta itzultzeko eskatuko dio UPNk; izan ere, Alberto Aceldegui Apesteguiak ere koalizio abertzalearen hautagaia babestu zuen larunbatean.
Gauzak horrela, Aceldeguik erabaki bat hartzen duen bitartean, Garesen UPNren udal taldearen baitan ondorengo zinegotzi hauek egongo lirateke: Axel Cardenas Roldan, Carmen Esain eta Francisco Martinez.
Larunbateko udalbatzan, UPNk Garesen dituen lau zinegotzietako hiruk EH Bilduren alkategaiaren aldeko botoa eman zuten, koalizio abertzaleak lortutako zazpi zinegotziekin gehiengo osoa bermatuta zuen arren. Testuinguru horretan, Itziar Imaz udalerriko alkate izendatu zuten, gehiengo osoz, aldeko 10 botorekin.