Politika -
Hauteskundeak EAEn
EAJ: 'Burujabetzaren inguruko auzien gainetik, krisiak du lehentasuna'
EAJko presidenteak "ardura" eskatu dio Patxi Lopez lehendakariari eta ildo honetan, erkidegoko hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidentearen lehentasuna krisia izango dela esan du, "burujabetzaren inguruko auzien gainetik", eta datozen hauteskundeak irabaziz gero, "denentzako Euskadi" bat eratzeko lan egingo duela gaineratu du.
Halaber, Efe agentziari egindako elkarrizketa batean, Patxi Lopez lehendakariari "arduraz" jokatzeko eta erkidegoko hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio Urkulluk, izan ere, PPrekin zuen akordioa hautsi ostean Legebiltzarreko heren baten babesa soilik gelditu zaiola adierazi du.
Une honetan, politikariek "herritarren ondoan" egon behar dutela adierazi du Urkulluk, eta horregatik, bere alderdiaren hiru "kezka nagusien" artean, lehentasuna krisiari irtenbidea bilatzea dela esan du. Ondoren, bakea eta normalizazio politikoa eta autogobernua garatzea aipatu ditu, hurrenez hurren.
Krisiari irtenbidea emateko, EAJk "eredu euskalduna" sustatuko duela esan du, hau da, autogobernua eta horren garapena. Bestalde, datorren Legebiltzarrean "seguruenik indar nazionalisten gehiengoa" izango den arren, EAJk "denentzako herrialdea eratzeko" lan egingo duela adierazi du. EAJk hauteskundeak irabaziz gero, lehentasuna alderdi eta agente sozioekonomiko guztiekin akordio handi bat lortzea izango dela gaineratu du, krisiari aurre egiteko eta enplegua sortzeko.