Politika -
CIS-en inkesta
PPk irabaziko lituzke hauteskunde orokorrak, baina PSOE-Sumar ezkerreko blokeak gobernatu ahal izango luke
Inkestaren arabera, Hego Euskal Herrian, ordea, sozialistak izango dira hauteskunde hauetako garaileak; EAEn 4 eta 7 diputatu artean lortuko lituzkete eta beste 2 Nafarroan. Bigarren postuan EH Bildu legoke, EAEn 3 eta 6 diputatu artean eskuratuta eta Nafarroan 1 bereganatuta.
EITB MEDIA
Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) egin duen azken inkestaren arabera PPk irabaziko lituzke uztailaren 23ko hauteskunde orokorrak. Bozken % 31,4 eskuratuko lituzke eta datu horrek 122 eta 140 aulki artean emango lizkioke. Hala ere, ezingo luke Vox-ekin batera gobernatu, honek bere diputatuen erdiak galduko lituzkeelako.
PSOE izango litzateke bigarren indarra Estatuan, botoen % 31,2 lortuta. CISen arabera, 115 eta 135 diputatu artean izango lituzke eta Espainiako Gobernua mantentzeko aukera izango luke Sumar koalizioaren babesari esker. Izan ere, Yolanda Díaz buru duen taldea hirugarren lekuan jarriko litzateke botoen % 16,4 eta 43 eta 50 aulki artean bereganatuta.
Vox laugarren postura jaitsiko litzateke inkesta honen arabera. Bozken % 10,6 eta 21 eta 29 aulki artean lortuko lituzke, gaur egun dituen 52 diputatuetatik urrun.
Datu hauek kontuan hartuta, PP eta Vox 169 ordezkari izatera iritsi daitezke inkestak ematen dizkien daturik onenak gehituz gero, baina gehiengo absolutura iristeko beste 7 beharko lituzkete. Aldiz, PSOEk eta Sumarrek aise gaindituko lukete muga hori, inkestaren datu onenak batuta, 185 ordezkari izango lituzketelako.
Emaitza hauek jasotzeko 29.201 elkarrizketa egin zituen CISek ekainaren 8 eta 27aren artean, alderdiak autonomia erkidegoetako eta udaletxeetako itunak eta akordioak negoziatzen ari ziren bitartean.
Alabaina, inkestak ate guztiak zabalik uzten ditu oraingoan; izan ere, alderdi bakoitzari esleitzen dizkion diputatu kopuruen tartea handia da eta aldaketa handiak egon daitezke.
Emaitzak Hego Euskal Herrian
CISen arabera, sozialistek irabaziko dituzte hauteskundeak Hego Euskal Herrian. EAEn 4 eta 7 ordezkari artean lortuko lituzkete eta Nafarroan, berriz, 2.
EH Bildu izango litzateke bigarren indarra. EAEn 3 eta 6 diputatu artean lortuko lituzke inkestaren arabera eta Nafarroan bat bereganatuko luke.
Sumar koalizioak lau aulki lortuko lituzke guztira Hego Euskal Herrian, 3 EAEn eta bat Nafarroan.
EAJk, berriz, CISen arabera, 3 eta 5 ordezkari artean lortuko lituzke.
Azkenik, Alderdi Popularrak guztira 3 aulki lortzeko aukera izango du; horietako 2 EAEn eta bat Nafarroan. Voxek ez luke ordezkaririk lortuko Hego Euskal Herrian.