Politika -
Donostia
Donostiako Udalak enpresariei mehatxu egin diela salatu du Basagoitik
PPren buruzagiaren esanetan, Josetxo Ibazeta dimititu berri duen alkatearen idazkaria "enpresariei deitzen aritu da azken bi urteetan Alkatetzatik eta sasimehatxuak egin dizkie".
Erredakzioa
Antonio Basagoiti PPren EAEko buruak salatu duenez, Gipuzkoako enpresariek mehatxuak jaso dituzte azken urteetan Donostiako Alkatetzatik.
Basagoitiren esanetan, enpresariek azaldu diotenez, Josetxo Ibazeta dimititu berri duen alkatearen idazkaria "enpresariei deitzen aritu da azken bi urteetan Alkatetzatik eta sasimehatxuak egin dizkie".
EAEko PPren buruak salaketa hori egin du Intereconomia Televisionen egindako elkarrizketa batean.
Hauteskunde aurreratuak
Bestalde, Basagoiti ziur omen dago lehendakariak hauteskundeak aurreratuko dituela datorren azarora. Horren harira, Patxi Lopezek ez duela diskurtso politikorik eta "itxurakeria" soilik duela kritikatu du, izan ere, "ez dakigu norekin dagoen, abertzaleekin, ezkertiarrekin, eskuindarrekin edo norekin".
Era berean, terrorismoaren mehatxupean EAEtik alde egin dutenek hauteskundeetan parte hartu ahal izatea aldarrikatu du.