Politika -
udal batzordeak
Gasteizko PPk uko egin dio udal batzordeetako buru izateari, kritiken ostean
PPk ukatu egin du EH Bildurekin akordioa egin izana, eta azaldu du aurreko legealdietan bezala jardun dutela, alegia, batzordeak oposizioko alderdien artean banatuta. PPren iritzian, "kanpainako azken eguneko urduritasunak" eragin ditu kritikak, eta horrezkero uko egitea erabaki dute.
agentziak | eitb media
PPk uko egin dio udal batzordeetako buru izateari Gasteizko Udalean, uste duelako "gertatutakoa desitxuratu" egin dela, batzordeetako banaketari dagokionez.
Legealdi berri honetan 11 batzorde daude Gasteizko Udalean, eta ohitura da oposizioko taldeak horien buru izatea, oraingo honetan gertatu den bezala.
EH Bilduk eta PPk bien artean banatu dituzte (sei EH Bildurentzat, bost PPrentzat), haien botoak Elkarrekin Podemosekoekin elkartuta. PSE-EE eta EAJ, aldiz, abstenitu egin dira.
Alabaina, banaketaren ostean, Beatriz Artolazabal EAJren Gasteizko bozeramaleak kritikatu egin du gertatutakoa. Artolazabalen hitzetan, "aukera sortu denean EH Bilduk eta PPk negozioatu, adostu eta akordioa egiteko, egin dute".
Artolazabalen kritikaren berri izan ostean, Ainhoa Domaica Gasteizko PPren bozemaleak ukatu egin du EH Bildurekin akordioa egin izana, eta aurreko legealdietan bezalaxe jokatu dutela esan du, alegia, oposizioko taldeen artean banaketa eginda.
PPk ohar batean adierazi duenez, Gasteizko udal batzordeko buru izateak ez du aparteko garrantzia, eztabaidetako gai ordena eta txandak antolatzen dira (gehienetan Udal Gobernuak egindakoak dira), eta hiritarren ekimenak ere jasotzen dira. Ez dauka, hortaz, erabakitzeko ahalmenik, eta ez dute ordainsaririk jasotzen lan hori egiteagatik.
Izan ere, aurreko legealdian, batzordeak hiru alderdien artean banatu ziren: PP, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, baina oraingo honetan azken horrek bi zinegotzi baino ez dituenez, ezin da batzorde baten buru izan (hiru beharko lituzke).
Domaicaren hitzetan, "EAJ eta PSOE oso urduri daude hauteskunde-kanpainaren azken egunean, eta egia ez den zerbaiten itxura ematen saiatzen ari dira". Gainera, gogorarazi du PPren botoei esker lortu dela EH Bilduk alkatetza ez lortzea, alderdi bozkatuena izan baitzen koalizioa.
Hala, "gertatutakoa desitxuratu" egin dela argudiatuta, Gasteizko PPk uko egin dio batzordeetako buru izateari, eta, hortaz, PSE-EEk eta EAJk hartu beharko lituztekete batzordeon gidaritzak.