Politika -
IZENBURU NAGUSIAK
Albiste izango dira: Etxebizitza legea, interes tasen igoera eta 2022ko balantze ekonomikoa
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, hitz bitan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, uztailak 27, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Etxebizitza legea: Estatuko etxebizitza legeak arrakala sortu du Eusko Jaurlaritzaren baitan; izan ere, gobernuak Konstituzionalera jotzea erabaki du hiru sailburu sozialisten iritziaren kontra. Auziak soka luzea izango du: EH Bilduk prentsaurrekoa du gaur gaiaren inguruan, eta Andoni Ortuzar (EAJ) eta Laura Garrido (PP) elkarrizketatuko dituzte, hurrenez hurren, Radio Euskadin eta Euskadi Irratian.
- Interes tasek, berriro gora: Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Erreserba Federalak bezperan egin bezala, Europako Banku Zentralak ere (EBZ) interes tasak puntu laurden igoko ditu gaur, eta datozen hilabeteetan zer egingo duen argitu dezake. Joan den hilean puntu laurden igo zituen tasak, % 4ra arte (2008tik ez da maila horretara iritsi).
- Iazko balantze ekonomikoa: Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak 2022ko EAEko Ekonomiaren Urteko Txostena aurkeztuko du.