Politika -
Eztabaida Radio Euskadin
Aranak batasun sindikala eskatu du, Euskadin 'guztiok kalera irteteko'
Radio Euskadin izandako eztabaida politikoan, egoerari onura ateratzea egotzi dio PSEk Alemaniari, "Espainiako zorrari esker doako finantziazioa lortzen ari delako".
Erredakzioa
Mikel Arana Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, Euskadik sindikatuen arteko batasuna behar du, deialdi bateratua egiteko, eta, "greba orokorraren deialdian gertatu zen bezala, guztiok kalera irteteko, Espainiako Gobernuaren azken murrizketei gaitzespena erakusteko".
Radio Euskadin izandako eztabaida politikoan, Aranak PPko Gobernuak ezarritako neurrien aurrean protestatzeko kalera irteteko animatu ditu herritarrak. "PP iruzur egiten ari da, orain egiten ari dena ez zetorrelako PPren hauteskunde-programan, ondorioz, protestatzeko eskubidea dute herritarrek", nabarmendu du Aranak.
Gauzak horrela, "Euskadiko sindikatuen arteko zatiketa" deitoratu du. "Hemen herritarren protestak oso aktiboak izan dira betidanik", gogoratu du Ezker Anitza-IUko buruak.
PSE: 'Alemania egoerari onura ateratzen ari da'
Bestalde, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak salatu duenez, "Espainiako arrisku-sariaren egungo egoeraren aurrean, Europako Banku Zentralak geldi jarraitzen du, ezer ez egin gabe". "Mariano Rajoyren murrizketen aurrean, arrisku-sariak okerrera egin du behin eta berriro", azpimarratu du. "Ekonomia berpizteko eta zorra ordaindu ahal izateko, diru-sarreren auzia mahai gainean jartzeko unea heldu da", esan du.
Halaber, egoerari onura ateratzea egotzi dio PSEk Alemaniari, "Espainiako zorrari esker doako finantziazioa lortzen ari delako". "Alemaniak ekonomia garrantzitsua du", adierazi du sozialistak, "baina herrialde honek ekoizten duena norbaitek erosi beharko du, ekonomia arloan, guztiok lotuta gaude eta".