Politika -

NAFARROAKO PARLAMENTUA

Chiviteren inbestidura saioa larunbatean eta igandean izatea proposatu du Hualdek

Alderdiekin bigarren erronda amaitu berritan, hedabideen aurrera agertu da Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, eta jakinarazi du Maria Chivite PSNko ordezkaria proposatuko duela Foru Gobernuko presidente kargurako. Inbestidura saioa, berriz, larunbatean egitea proposatuko du.

Chivite eta Hualde, gaur, Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Chivite eta Hualde, gaur, Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Hualdek Chiviteren inbestidura larunbatean hastea proposatu du

0:47

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite PSNko hautagaia proposatuko du berriro Nafarroako Gobernuko presidente izateko Unai Hualde Foru Parlamentuko presidenteak, eta horren inbestidura saioa datorren asteburuan, abuztuaren 12an eta 13an, egitea. Ganberako Mahaiari eta Bozeramaileen Batzordeari helaraziko dio bihar, osteguna, proposamena, azter dezan.

Hauteskundeen ostean, bigarren bilera erronda egin du gaur Hualdek alderdiekin, Presidentetzarako hautagaia izendatzeko. Nafarroako Parlamentuko araudiaren arabera, erronda hori amaitzen denetik inbestidura saiorako tarteak gutxienez hiru egunekoa izan behar du. Nolanahi ere, Hualdek esan du presidenteak eta Mahaiak badutela epe hori moldatzeko eskumena.

Hala, Chiviteren inbestidurarako lehen saioa larunbatean egingo litzateke; goiz partean, eztabaida, eta arratsaldean, lehen bozketa. Ezustekorik ezean, buruzagi sozialistak ez du gehiengo osoa lortuko lehen bozketan, eta bigarren bat beharko du presidente izateko.

Bi bozketen artean 24 ordu igaro behar direnez, araudiaren arabera, bigarren bozketa igande arratsalderako deituko lukete, eta hor gehiengo soila nahikoa izango luke. Batera zein bestera, EH Bilduren abstentzioa nahitaez behar du.

Hualde ziur agertu da Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak proposatutako epeak onartuko dituela. Halaber, pozik agertu da, desadostasunak desadostasun, zenbait alderdi gai izan direlako akordioa erdietsi eta beste lau urterako gobernu aurrerakoia eratzeko.

Javier Esparza UPNko eleduna, bere aldetik, epeak moldatzearen kontra agertu da.

Chivitek, berriz, inbestidura prozesuari aurre egiteko prest dagoela jakinarazi dio Hualderi, goizean egin duten bileran. Ardurari "konbikzio osoz" helduko diola ere esan dio, parez pare dituzten "erronkei" aurre egiteko. Ultraeskuinaren "oldarraldiaren" aurrean, berriz, kezka agertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua