Politika -

Diputatuen Kongresua

Kongresuko Mahaiak gaur emango dio oniritzia ERCren eta Juntsen taldeak utzitako diputatuekin osatzeari

Sumarrek bi diputatu utzi dizkio ERCri, eta PSOEk, lau Juntsi. Diputatuak uztea ohikoa da, baina Mahaiaren oniritzia behar du. Zortzi taldeak eratu ondoren, Ganberak hemizikloa antolatu eta legegintzaldia hasteko aldez aurreko lanak egin ahalko ditu.

Diputatuen Kongresua. EFE.
Diputatuen Kongresua. EFE.
Diputatuen Kongresua. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuko Mahaiak oniritzia emango die gaur, astelehena, Esquerra Republicana de Catalunya (ERC) eta Junts per Catalunya (Junts edo JxCat) alderdien talde parlamentarioei. Sumarrek eta PSOEk utzitako diputatuekin erregistratu dira, hurrenez hurren, eurek zituztenekin ez baitzituzten betetzen araudiak ezarritako baldintzak.

PSOEk eta Sumarrek JxCat eta ERCrekin egin bezala, Kongresuan edo Senatuan talde propioa izateko beste alderdiei diputatuak uztea ohikoa da, baina Ganberako Mahaiaren oniritzia behar du. Hain zuzen ere, gaur arratsaldean bilduko da Mahaia, eta espero da diputatu-lagapen hori baimentzea, lagapena egiten duten alderdiek, PSOEk eta Sumarrek, gehiengoa baitute Ganberako gobernu-organoan. 

Kongresuan, araudiak aukera ematen die taldea eratzeko 15 eserleku baino gehiago dituzten alderdiei edo, gutxienez 5 izanik, Espainia osoan botoen % 5 edo parte hartu duten barrutietan botoen % 15 gutxienez jaso dituztenei. Legegintzaldi berri honetan, PPk, PSOEk, Voxek eta Sumarrek betetzen dute lehen baldintza, eta EH Bilduk eta EAJk, berriz, bigarrena.

ERCk eta Juntsek, berriz, bost diputatu baino gehiago dituzte (7) baina ez dute bigarren eskakizuna betetzen, Katalunian lehiatu diren barruti batzuetan ez direlako % 15era iristen.

Talde propioa izateko baimena independentisten aurretiazko eskakizuna izan da Pedro Sanchezen inbestidurari buruz hitz egin ahal izateko; gainera, hori izan zen ERCk eta Juntsek Francina Armengol sozialista Kongresuko presidente gisa babesteko baldintzetako bat, horrela PSOEren gehiengoa ziurtatzen zutelako. 

Gauzak horrela, Sumarrek En Comuko bi diputatu utzi dizkio ERCri bere boto-ehunekoak Esquerrako diputatuenari gehitzeko, Oriol Junquerasen alderdiak % 15 hori gaindi dezan Katalunia osoan, eta PSOEk gauza bera egin du PSCren lau diputatu Juntsi lagata, Carles Puigdemonten alderdikoek ere talde propioa osatu ahal izateko.

PP eta VOX, adi

Badago araudian eragozpenen bat sor dezakeen puntu bat; izan ere, Erregelamenduaren 23.2 artikuluak ezartzen duenez, "inola ere ezin dute alderdi berekoak diren diputatuek Legebiltzar Talde Banandua eratu". Trantsizioan gertatzen zena saihesteko hartu zen neurri hori, PSOEri PSE-EEk eta PSCk lortutako botoak ere gehitzeko. Kasu honetan interpreta liteke Sumarreko diputatuak daudela bi talde parlamentariotan (Sumar eta ERC), eta sozialistak (PSOE eta Junts).

Parlamentuko iturriek aurreratu dutenez, PP eta Vox "oso adi" egongo dira erregistratzen diren idazkiekin, eta ez dute baztertzen ERC eta Junts taldeak baimentzeko erabakiaren aurrean helegitea aurkeztea.

Talde propioa izatearen abantailak

Talde propioa izateak abantaila politiko eta ekonomiko handiak dakartza, baita komunikabideei dagokionez ere. Taldea osatzen duenak bermatuta du ordezkaritza izatea Parlamentuko batzorde guztietan, Diputazio Iraunkorrean eta ahots propioa Bozeramaileen Batzordean, baita eztabaida guztietan baldintza berdinetan esku hartzeko gaitasuna ere; Talde Mistoaren barruan, berriz, esku hartzeko eta batzordeetan esertzeko denborak banatu behar dira. Kontrol-saioetan, talde propioa izateak aukera ematen du galderen eta interpelazioen kupoetan sartzeko eta astero Gobernuarekin eztabaidatu ahal izateko; halaber, abantailak eskaintzen ditu legez besteko proposamenak osoko bilkuretan sartzeko orduan; Talde Mistoan, berriz, zati berdinetan banatu behar da "tartaren zatia".

Arlo ekonomikoan, taldea izateak bi dirulaguntza mota eskuratzeko aukera ematen du: Kongresuak talde bakoitzari ematen diona —364.160,64 euro urtean (30.346,72 euro hilean) aurreko legealdian— eta Estatuak ematen duena hauteskunde-propaganda doan bidaltzeko kanpainan zehar (mailinga).

Abantailak hurrengo hauteskundeetarako ere dira balekoak, orain talde propioa lortzen dutenek etorkizuneko hauteskunde-eztabaidetan eta hedabide publikoen informazio-hedapenerako planetan parte hartzeko aukera izango dutelako. Junts, adibidez, RTVEren eztabaidetatik eta estaldura-planetatik kanpo geratu zen aurreko kanpainan, duela lau urte ez zuelako talde propiorik lortu; ondorioz, PDeCAT, BNG, Compromis eta Mas Pais alderdiekin partekatu zuen taldea. 

Legegintzaldia abiatzeko aurretiazko urratsak

Gauzak espero bezala joanez gero, XV. Legealdian, Kongresuak zortzi talde parlamentario izango ditu: PSOE, PP, Vox, Sumar, ERC, Junts, Bildu, EAJ eta Talde Mistoa (azken horretan izango dira alderdi batera atxikita ez dauden hiru diputatuak: UPN, CC eta BNGkoak).

Talde parlamentarioak eratu ondoren, erabaki horren aurkako errekurtsoak aurkeztu badaitezke ere, Ganberaren funtzionamendurako erabaki garrantzitsu gehiago hartuko dituzte, hala nola osoko bilkuren egutegia onartzea, Bozeramaileen Batzordea eratzea eta hemizikloan eserlekuen banaketa egitea, legealdia abiatzeko beharrezko urratsak guztiak. Hasteko, Alberto Nuñez Feijooren inbestidurarako eztabaidak badu data (irailaren 26a eta 27a).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE PP Espainiako Gobernua Alderdi politikoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak ERC Sumar Mugimendua Junts per Catalunya