Politika -
Inbestidura
Feijook gaur ekingo dio bere bilera sortari, EH Bildu baztertuta, babesak lortzeko asmoz
"Hitz egin bai, baina xantaiarik gabe eta gutxiengoen menpe jarri gabe" batuko da Junstekin, babes bila, eta akaso oraingoan ez duela helburua lortuko aitortu du: "Epe laburrean inbestidura egon ez arren, PPren Espainiako gobernu baten lehen harria izango da".
Agentziak | EITB Media
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiak alderdiaren zuzendaritza batuko du gaur, eta, ondoren, inbestidurarako babesak lortzeko bilera sortari ekiteko asmoa du. Espainiako Gobernuko presidente izateko hautagaia EH Bildu ez beste alderdiekin batzartuko da, hilabete barru izango den bozketarako falta zaizkion lau botoak bildu nahian.
Urte politikoa abiatzeko ekitaldia egin zuen PPren hautagaiak atzo Pontevedran. Iragarri zuenez, "hitz egin nahi duten talde politiko guztiekin" jesarriko da, baita "ekarpena" egin nahi duten presidente autonomikoekin ere. Hori esanda, ohartarazpena egin zuen esanez ez duela "xantaiarik" onartuko, eta ez dela "gutxiengoen menpe" jarriko. "Ez gara Sanchez", erantsi zuen.
"Inbestidura egiteko enkarguak hitz egin nahi dutenekin hitz egitera behartzen gaitu, eta berba egin ostean, bat egin edo ezberdin pentsa genezake, eta horretan saiatuko naiz datozen asteetan. Hitz egin bai, baina xantaiarik, enkanterik edo gutxiengoen menpe jarri ez", adierazi du.
Aitortu zuenez, gainera, akaso oraingoan ez ditu behar dituen babesak lortuko. Feijooren ahotan, "epe laburrean inbestidura egon ez arren, PPren Espainiako gobernu baten lehen harria izango da. Ziur naiz, orain edo gero, Espainiako hurrengo gobernua Alderdi Popularrarena izango dela".
Alderdi Popularrak lau boto ditu faltan gehiengoa lortzeko, eta bide horretan, EAJren eta PSOEren babesa eskuratzen saiatuko da. Biek ala biek, baina, esana dute ez dutela PPren alde egingo.
Aitor Esteban jeltzaleek Kongresuan duten bozeramaileak argitu zuenez, Feijoorekin bilduko da, "kortesiagatik" bada ere, baina "sorpresa handirik ez badago, zail" ikusten du haren inbestidura. "Hori bai, gauza hauekin azken unera arte ez da jakiten", gaineratu zuen.
Patxi Lopez PSOEren bozeramaileak "fake inbestidura" deitu zion Feijoorenari, Vox, CC eta UPN alderdien babesa bakarrik adostu duelako.