Politika -
URTE POLITIKO BERRIA
Eusko Jaurlaritzak gaur ekingo dio urte politiko berriari Donostiako Miramar Jauregian
Lehendakariak eta sailburuek lan-urte berrirako helburuak aztertuko dituzte Gobernu Kontseiluaren bileran. Legegintzaldia azken txanpan sartuko da, 2024an egingo baitira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak.
EITB MEDIA
Udako oporren ostean, Eusko Jaurlaritzak urte politiko berriari ekingo dio gaur, ohi bezala, Donostiako Miramar Jauregian egingo duen Gobernu Kontseiluaren bilerarekin.
Lan-urte berria legealdiko azkena izango da, Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz deituko zain.
Zerbitzu publikoen "kalitatea sendotzea", enplegua sustatzea eta autogobernua edota estatu eredua izango dira datozen hilabeteetarako erronkak, Lehendakaritzako iturrien arabera. Edozein kasutan, irailaren 14an Eusko Legebiltzarrean egingo den politika orokorreko osoko bilkuran zehaztuko ditu bere proposamenak.
Eusko Legebiltzarrari dagokionez, irailaren 14an hasiko da urte politikoa, eta ikusteko dago zer gertatuko den mahai gainean dauden hainbat legerekin. Hezkuntza Legea, trantsizio energetikoari eta klima-aldaketari buruzko legea, Euskal Enplegu Sistemaren Legea eta Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea daude horien artean. EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizio gobernuak gehiengo osoa du Legebiltzarrean, baina hauteskundeak gertu izateak lege horiek onartzea baldintzatu dezake.
Gobernu Kontseilua Miramar Jauregian
Aurreikuspenen arabera, 10:00etan iritsiko dira Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Gipuzkoako lurralde agintariak Miramar Jauregira. 15 minutu geroago helduko da Iñigo Urkullu lehendakaria, eta kanpoaldean harrera egingo diote Eneko Goia Donostiako alkateak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak.
Segidan, familia argazkia egingo dute, eta 10:30ean hasiera emango diote bilerari.
Amaieran, lehendakariak prentsaurrekoa eskainiko du, landutako gaien berri emateko eta lan-urte berrirako helburuak zehazteko.